Ezarian

Buenos Airesen, Euskal Herria ospakizun

Buenos Airesko Udalak lehen aldiz deiturik, Argentinako euskal komunitatea kalera atera da bere dantza, musika, kultura eta gastronomiarekin, besteak beste, eta 30.000 lagun bildu zaizkio horiek denak ezagutzera. Hiriak omenaldia egin die euskaldunei, Buenos Airesen Euskal Herria Ospakizun ekitaldian.

Danborradak, sukaldaritzak eta dantzek tartea izan zuten Buenos Airesen egindako festan. Kalejirarekin bukatu zuten ospakizuna. OSCAR TRITTA - IÑAKI ARAMAYO.
Buenos Aires
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Buenos Aires, ordu batzuetan, Euskal Herria izan da; izan ere, igandean Argentinako hiriburuak omenaldi moduko bat egin zion Euskal Herriari festa koloretsu batean, Buenos Airesen Euskal Herria Ospakizun egitasmoaren barnean. Ekitaldi horiek Buenos Airesko Udaleko Harreman Instituzionalen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu, eta, hala, agerian jartzen dute hiria Latinoamerika guztian enblematikoa egiten duen ezaugarri bat: aniztasunaren hiria eta arragoa izatea.

Festa horren bitartez, integrazio bide bat osatu nahi dute dena delako komunitateko jendearentzat, buenosairestarrentzat eta turistarentzat, baita komunitatekoa izan bai baina aktibo ez dabilen jende askorentzat ere, itzuli eta jatorriarekin nolabait elkartu dadin. 2009az geroztik, festa Maiatzaren Etorbidean egiten da, Buenos Airesko hiribiderik handienean, eta aurten 30.000 buenosairestar bildu dira dantzez, abesbatzez, desfileez, sukaldaritzaz, arteaz, kirolaz eta beste hainbat gauzaz gozatzeko. Buenos Airesen Euskal Herria Ospakizun ekitaldia hunkigarria izan da batzuentzat eta besteentzat; sei ordu iraun du, eta denbora guztian harrigarria izan da jendearen emana: pasealekua bete-beterik egon da, eta ikurrinak, Argentinako banderak eta hirikoak izan dira bazter guztietan.

Aurreneko aldia izan da Buenos Airesko Udalak euskaldunei halako aukera ematen diena komunitate diren aldetik, eta halaxe nabarmendu dute, antolatzaileek ez ezik, Claudio Avruj Buenos Airesko Harreman Instituzionalen zuzendariak berak ere: «Buenos Airesko euskal komunitateak oso bizitza aberatsa du, eta ondo merezia du festa hau. Beren elkarteekin, euskal folklore taldeak dira horrelakoetan politenetakoak. Euskal sukaldaritza enblematikoa da bai hiriburuan eta bai Argentina guztian. Immigrazioaren hasiera-hasieratik dago euskal jendea Buenos Airesen. Bat eginda gaude, eta euskal komunitateak denetik ekarri du».

Festan ibili direnek modua izan dute 30 bat erakusmahai ikusteko: informazio orokorra, gizarte ekintza, euskara, genealogia, argitaletxeak, hezkuntza, diseinu eta bitxigintza, esnekiak, sukaldaritza, musika, dantza, kirola, eskulangintza, haurrentzako guneak, turismoa, irrati irekia, pintura eta askotariko erakusketak.

Euskal Etxea izeneko ikastetxeei egokitu zaie festari ekitea. Hala, 250 ikasle sartu dira Maiatzaren Etorbide jendez mukuru betean, bi herrialdeetako bi bandera izugarri handi zeramatzatela, kalea alderik alde hartzeko adinakoak, jantzi tipikoak soinean eta dozenaka ikurrin eta Argentinako bandera airean, neguko eguerdi eguzkitsu batean. Ikasle horiexek ekin diete dantzei; arratsalde guztian, hainbat eta hainbat dantzatu dituzte agertokian, Maiatzaren Plaza mitikoaren atzealdean.

Argentinako hainbat hiritako dantzariak, koruetako eta musika taldeetako kideak, haurrak, gazteak eta helduak Buenos Airesera bildu dira kultura askotako festara joateko, eta berekin ekarri dute kolorea, alaitasuna eta askotariko ikuskizun luze bat, Euskal Herri guztiko musika eta dantza tradizionalak biltzen dituena.

Agertoki nagusian, askotariko dantzak eta askotariko jantziak erakutsi dituzte, halako moldez non Euskal Herriko plaza bateko festa tradizional batera eraman baitituzte buenosairestarrak. Euskal-argentinar musika taldeen kontzertuetan, zutik jarri dira bai komunitateko kideak eta bai bestelakoak, dantzan eta kantari.

Esperientzia aberasgarria izan da euskal-argentinarrentzat, Arantxa Anituak esan duenez; Anitua Buenos Airesko Laurak Bat etxeko presidentea da, eta zentro horrek antolatu du ekitaldia, Argentinako luze-zabalean dauden euskal etxe ugarietako ordezkariak koordinaturik. «Hiri bakoitzeko euskal etxea autonomoa da, baina hemen elkarrekin lan egin dugu. Erakusmahaiak ez dira instituzionalak izan, gaikakoak baizik, eta batera lan egin dugu erakunde guztiek», nabarmendu du Anituak. «Nire ustez, desafio honen bitartez modua izango dugu, batetik, jendearen aurrean agertzeko, eta hori egiteko zeukan gure komunitateak, eta, bestetik, euskal etxe guztien arteko lotura estutzeko, eta horixe nahi genuen».

Donostiako danborraren hotsa ere aditu da Buenos Airesen: dozenaka euskal-argentinar atera dira beren danbor eta barrilekin hiriaren erdi-erdian; harriturik utzi dituzte asko, ez baitzuten ezagutzen Gipuzkoako ospakizun tipiko hori. Halaxe gertatu zaio Nelba Agirrezabalari; arbaso euskaldunak ditu, eta, hunkiturik, aitonarekin gogoratu da: «Zenbat oroitzapen, zenbat pasadizo! Jakin dut euskaldunak kalera ateratzekoak zirela, eta hemen naiz. Ez nuen pentsatzen nekizkien gauza asko eta asko euskal jatorrikoak zirenik. Harrituta eta hunkituta nago, ikusten dudan eta aditzen dudan gauza bakoitzarekin. Eskerrik asko, Euskal Herria!», esan du, zirrara agerian, 80 urte betetzear dela.

Sukaldaritza izan da Buenos Airesen Euskal Herria Ospakizun festaren beste ardatzetako bat. Txosnetan pintxoak eskaini dituzte, txipiroiak, babarrunak, arroz esnea, arrautzesnea eta beste zenbait jaki tipiko... Eskaerari ezin erantzun ibili dira, hain izan dira luzeak ilarak; jendeak lasai-lasai itxaron du hiriko jatetxe batzuek eta euskal etxeetako sukaldaritza taldeek preparatutako milaka arrazioetako bat eskuratzeko.

Baina bertan lanean ere ibili dira sukaldari batzuk: Choly Berreteaga, Arantxa Soraluze eta Itziar Agirre sukaldari argentinar ezagunek eskola bikain batzuk eman dituzte kalean bertan. Besteak beste, porrusalda egin dute, txipiroiak beren tintarekin eta arrautzesnea, eta zotz egin dituzte ehunka gizon-emakumeren artean. Jendeak adi entzun ditu euskal sukaldaritzaren ezaugarriak eta sekretuak, «mugak hautsi baitituzte», Berreteaga sukaldari ezagunak esan duenez. Berreteagak berak oihartzun handia ematen dio telebistako bere programetan.

Eguzkia sartzen ari da poliki-poliki, eta, festaren bukaeran, Tango-Aurresku ikuskizuna euskal eta argentinar kulturen loturaren erakusgarri da, bihotz hunkigarria batentzat baino gehiagorentzat.

Paper zuri-gorri-berdezko euri moduko batek bukaera koloretsua ekarri dio festari, fandango jendetsu batekin eta kalejira luze batekin; bukatu da dantza, baina lanean segituko dute, Buenos Airesek 2012an ere Euskal Herria ospa dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.