Bukatu eta hasi, mendian

Urtezahar eta Urteberri egunez mendira joateko ohiturak sustrai sakonak ditu; gaur eta biharko egunez gainezka egingo dute Adarrak, Gorbeiak eta Aizkorrik.

Euskalduna elkarteko kideak, salda banatzen, Adarra mendian. Bihar, irudi hori errepikatuko da. JESUS M. REDONDO.
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urte berri, mendi berri. Aspaldiko tradizioa da mendizale askorentzat bukatzear den urtea agurtzeko edo jaio berria denari ongietorria egiteko mendira joatea. Gaurko eta biharko egunez ohitura hori errepikatuko dute Euskal Herriko milaka eta milaka mendizalek, Aizkorri, Adarra, Gorbeia eta beste hainbat menditara igota. Azken egunotako hego haize epelak jarraituko duela diote iragarpenek, eta hotzik eta elurrik ez dute izango bidelagun gaua Aizkorrikoedo San Donatoko baselizen babesean pasatzekotan direnek ere.

Aurrekarien bila joan eta ohitura noizkoa den zehaztea ez da lantegi erraza. Antxon Iturriza mendiko kronistak 1920ko urteetan kokatu izan ditu Urteberri egunez mendira joaten ziren mendizale aitzindariak Historia testimonial del Montañismo Vasco liburuan. «Ez dago argi zergatik errotu zen ohitura, baina urteari gustuko tokian ongietorria egiteko planteamendua dago oinarrian. Jendeari gustatu egin zaio, eta usadio bihurtu da», iritzi dio Iturrizak. Ohikoena mendizaleak haien herritik gertuen dagoen mendi tontorrera igotzea izaten da. Dena dela, badira bilkura jendetsuak ere; Adarra mendikoa, adibidez.

Arabako eta Bizkaiko mendizale askok Gorbeia mendira joko dute gaur. Basauriko Baskonia elkarteak, esaterako, 1960ko urteetan ekin zion ohiturari, eta urtetik urtera ez dute hutsik egin. Nafarroatik eta Gipuzkoatik, berriz, Aizkorrira jotzeko ohitura handiagoa da. Tontorrean edo Urbiako zelaietan elkartzen dira haietako asko.

Toparako, salda eta xanpaina

Bezperako afariaren zama arintzeko baliatzen dute ehunka mendizalek Adarra mendirako igoera, Urteberri egunez —izan dira 1.500etik gora lagun joandako urteak—. Mendizale gehien hartzen duen mendia izaten da urteko lehenengo egunean, eta Andoaingo Euskalduna elkartekoek mendiaren lepoan jarri ohi duten kanpin dendan hartuko dute gehienek eguneko sari preziatua: salda beroa. 1972an hasi zuten tradizioari eusten diote oraindik ere Euskaldunakoek, eta mendizaleek estimutan dute hori. Goizaldeko bostetan abiatzen dira mendian gora, eta bezperan prestatutako salda banatzen dute han: 200 litrotik gora, 07:30etik aurrera. Badira, ordea, Urteberriaren etorrera xanpain botila ireki eta hustuta ospatzen dutenak; Donostiako Vasco de Camping elkartekoak, esate baterako.

Euskal Herriko herri gehienetan antolatu dituzte irteerak biharko: Azpeititik Erlora, Urkora Ermutik eta Eibartik, Irimora Legazpitik eta Urretxu-Zumarragatik... Mendi urte on, denori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.