Euskal Herriak lotura handia izan du betidanik burdinarekin. Horren erakusle da Asteasuko Andazarrate meategitik Zarauzko kostarainoko (Gipuzkoa) bidea egiteko 11 kilometroko ingeniaritza lan erraldoia. Aurreko mende hasieran, bi herrien artean metalezko dorreak altxatu zituzten, eta horiek eusten zituzten kableen bidez garraiatzen zituzten burdinez zamatutako bagoiak. Meategitik ateratako minerala Zarautzera iristen zenean, Mollarri zamalekutik itsasontzietara garraiatzen zuten, ondoren Europara esportatzeko. Zarauzko Udalak herriko memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean, itsaso bazterreko zamalekua berritu du. Kostako paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu hara eramaten duen pasealekuak. Udalerriak burdinarekin zuen lotura estua berreskuratzea du xede egitasmoak. Izan ere, surfa, hondartza eta txakolinaz harago, Zarautzek historia interesgarria du kontatzeko.
Iragan udazkenean bukatu zituzten berritze lanak, nahiz eta oraindik interpretazio zentroa bukatzeko egon. Alejandro Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotziaren arabera, hilabete barru egongo da prest. «Kargalekuaren kondaira jasoko du zentroak», jakinarazi du Vazquezek. Garaiko instalazioen eta meategiaren planoak, meatzariek erabilitako lan tresnak, mineral laginak… egongo dira ikusgai. Duela ehun urte meategian eta Mollarriko zamalekuan nola egiten zuten lan ezagutu ahal izango du bisitariak. «Planoen bilduma handiak ditugu. Eskuz egindakoak dira, eta mekanismoen nondik norakoak agertzen dira xehetasun handiz», esan du Vazquezek. Interpretazio zentroa bakarrik bisita gidatuak egingo direnean irekiko dute. Baina, itsasora ematen duen horma kristalezkoa denez, kanpotik ikusi ahal izango da. Bisita gidatuak antolatuko dituztela iragarri du Vazquezek, nahiz eta oraindik gaia «zehazteko» egon.
Ingurune ezin hobean dago kokatua Mollarri. Bide berritua hondartzan hasten da, eta Talaiamendiko belazetik kargalekurako bidea ere konpondu dute. Alde batetik, Donejakue bidearen loturarekin luza daiteke ibilbidea. Beste alde batetik, Inurritzako paduretara doan bidea har daiteke. Biotopo babestua eta interes ekologiko handiko gunea da Inurritzakoa. Kostako paisaia malkartsuaren ondotik paseatzeko aukera ematen du pasealekuak.
Autobisitarako panelak
Zamalekura daramaten bideetan hiru behatoki egin dituzte. Horiek panel informatiboez hornituko dituzte, bisitaria Mollarriko zamalekuaren garrantzi historikoaz ohar dadin. «Bisitariak instalazioa ikusten duenean orain dela ehun urte nolakoa zen interpretatzea nahi dugu. Horretarako, Mollarri ikus daitekeen behatoki batean garaiko argazki bat ipiniko dugu».
Beatriz Herreras eta Josune Zaldua historialariak Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko kide dira. Udalak eskatuta, Zarauzko meatze jarduerari buruzko ikerketa historiko bat egin zuten lehengoratze lanak hasi aurretik.
Josune Zalduaren ustetan, egindako lehengoratze lanek informazio gehiago jasotzeko aukera eragotzi dute. «Landarez estalirik zegoen ingurua garbitu dute. Lanek informazio asko eman zezaketen, baina ez zen jarraipen zehatzik egin lanak egiten zituzten bitartean».
Burdinarekiko lotura gogoratzen
Zarauzko ondare industriala lehengoratzeko asmoz, Mollarri burdin zamalekua zaharberritu du Udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu