Zortziehun metro luze da Portugaleteko (Bizkaia) burdinazko kaia, eta egunean bi aldiz egiten du joan etorria Pilar Lopez santurtziarrak. Lehen ez omen zen hainbeste jende ibiltzen; orain, ordea, eta batez ere eguerdi partean, jende mordoa paseatzen da kaian barrena. «Eguzkia ateratzen denean, segituan betetzen da pasealekua». Hotz zein bero egin, ohiko bisitaria da Lopez.
Burdinazko kaiak 125 urte bete ditu,eta, urteurrenaren karietara, herriko udalak hainbat ekintza antolatu ditu oroitzapen ospakizunean. Ebaristo Txurruka ingeniariak diseinatu zuen, XIX. mende amaieran, eta Bilboko portuko jarduera garatzeko oso onuragarria izan zen, tonaje handiko itsasontziek edozein itsasalditan nabigatzeko bidea eman zuelako. Obra horri esker konpondu zen Ibaizabalen bokalea ixten zuen eta itsasketa oztopatzen zuen hondarpearen arazoa, hondarpe hori desagerrarazi eta uraren sakonera handitu baitzen.
Osasunaren Nazioarteko Erakundeak 10.000 urrats burdin kaian zehar egitasmoa egin zuen joan den asteazkekean, kaia pasealeku gisa sustatzeko asmoz. Egunero pauso kopuru hori emateko gomendioa bultzatu nahi izan zuten, osasuntsu egoteko modu eraginkorra da eta. Era berean, Orube plazatik kaiaren amaieran dagoen itsasargira doan ibilbidea egingo dute Portugaleteko adin guztietako hainbat auzokidek. Martxarakoelastikoak ere egin zituzten, parte hartzaileen artean banatzeko.
Paseoan ibiltzeaz gain, arrantzan ere ari da jendea. Amua uretara jaurti, kanabera eskubandaren gainean jarri eta pasealekuko bankuetan esertzen dira arrantzaleak, amuari kosk noiz egingo dioten zain. Muxarrak, lupiak, urraburuak... Denetarik ei dago.
Kaian gazte gutxi ikusten dela dio Inocencio Martinezek; patinatzen edo txakurra paseatzen doaz pasatu diren bakanak. «Larunbat gauetan etortzen dira gazteak: kaiaren beheko partean litroak egiteko batzen dira».
Interes publikoko monumentu izendatu berri du Espaniako Ministro Kontseiluak Portugaleteko burdinazko kaia. Orain dela gutxi jaso du titulua. Aldamenean duen Bizkaia zubia baino zaharragoa izan arren, ez da horren ezaguna. Oraindik badago izendapenaren berri ez duenik ere.
Eraberritze lan gatazkatsuak
Orain dela urte bi hasi zituzten burdinazko kaiaren eraberritze lanak, eta urte bat eman zuen jendearentzat itxita, iazko irailera arte. Zorua eta eskubanda aldatu dituzte, baita pasealekuko plataformari eusten dioten zutarrietako barrak ere. Mariana Serna eta Antonia Lorenzo auzokoek «pozarren» hartu dute berrikuntza hori; «erosoagoa» iruditzen zaie kaiaren itxura berria. Hala ere, iritzi kontrajarriak eragin dituzte eraberritze lanek. Hainbat iritzi kritiko egon dira horien aurka, «ez baitute burdinazko kai originala errespetatzen». Iñaki Uriarte arkitekto bilbotarrak dio ñabardura horiek guztiek, bigarren mailakoak iruditu arren, «egiazkotasuna» ematen diotela alderdi teknologiko eta historiko garrantzitsua duen monumentu horri.
Plaza giro
Burdinazko kaian barrena
Portugaleteko burdinazko kaiak 125 urte bete ditu aurten. Urteurrenaren karietara, hainbat ekitaldi antolatu dituzte kaia pasealeku gisa sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu