Duela hamasei urtetik ospatzen da Hartzaro festibala Uztaritzen (Lapurdi). Ostiralean hasi eta otsailaren 21 arte iraungo du aurten. Urtez urte, festibala indarra hartuz joan da, gero eta jende gehiago biltzen baita Uztaritzeko neguko besta handira.
Inauteriei beren esanahia eta iraganean zuten indarra itzultzea izan da antolatzaileen asmoetako bat; eta, egun, pozik ageri dira egin lana ematen ari den uztaz. Hala, Filipe Lesgourgues Herri Soinu elkarteko lehendakariak eta Hartzaro festibalaren antolatzaileak dioenez, «inauteriak neguko bestak bilakatzea nahi genuen berriz, ez egun bat edo biko ospakizun soila izatea. Bakoitzak bere denboratik emanez, gure asmoa garatzera iritsi gara».
Ohiturak berreskuratzen
Lapurdin galtzear egon ziren inauteriak berreskuratzeko lanetan murgildu ziren lagun ugari 1970-80ko hamarkadan. Lesgourguesek mugimendu horretan parte hartu zuen, eta, dioenez, «inauteriak 1914tik 1970 ingurua arte gainbeheran egon ziren, izan gerrek, izan euskal kulturarekiko mespretxuak... eraginik». Betti Bettelu maisuak eta dantza talde ugarik lan biziki garrantzitsua egin zuten inauteriak berreskuratzeko. Haien artean, Uztaritzeko Izartxo dantza taldeak kaxkarotak formatzeko ardura hartu zuen, inauterietako pertsonaia zentralak. Euskal kulturarekiko maitasunetik berriro sortu ziren inauteriak, eta Hartzaro festibala ere horren ondorioa da.
Hartzaroren funtzio ugariak
Hartzaro festibala karrikako ikergune handi bat bilakatu da. Herri Soinuko lehendakariak dioenez, urtero dantza talde zein musikariei inauterietarako zerbait asmatzea galdegiten diete. Modu horretan, urtetik urtera sorkuntza berriak aurkezten dira. Oparoa da eskaintzen den dantza ikuskizuna, hala nola Animalien Dantza sortu dute, euskal mitologiako Maia pertsonaiaren dantza...
Historikoki berez berria den ospakizun bat gazteentzat jada ohitura bilakatu denez, biziki kontent ageri dira antolatzaileak. «Gure asmoetako bat hori izan da. Uztaritzen, gazteak txikitatik lotzen dira inauterietara, eta orain ohitura bilakatu da haientzat. Dantza horiek gehienez 30 urte dituzte. Berez berriak dira», adierazi du Lesgourguesek. Euskal kultura hedatzeko nahia da aipa daitekeen beste asmoetako bat. Herritarren artean loturak egiteko bidea eman duela dio Lesgourgueesk.
Egitarau oparoa
Aurtengo aldian, mota guzietako ikuskizunak izango dira: antzerki, dantza, kontzertu, hitzaldi, eta erakusketaz gozatzeko parada izanen da; jende mota guziei leku eginez, gainera.
Eskola ugaritako haurrek urtean zehar prestatzen ibili diren emanaldiak aurkeztuko dituzte. Hitzaldiei dagokienez, Thierry Truffaut etnologoak Salbaiaren musika izendaturiko hitzaldia eskainiko du, inauteriko musikaren erroez zein perkusioek duten paperaz. Truffaut azken 33 urteetan Lapurdiko inauteriak ikertzen ibili da, haien esanahia eta historia landuz, batik bat. Margo erakusketa bat ere ezarriko dute Uztaritzeko gune ugaritan, Inauteriak Euskal Herrian izenpean. Bestalde, musika eta kontzertu ikuskizunek leku handia hartuko dute jaialdiak iraungo duen bi asteetan, eta horiek hasiko dute gaueko jaia.
Jaialdiko azken egunean,Astearte Gizenaren eguna ospatuko da. Egitarauko egun garrantzitsuena izanen da. Neguaren joatea eta udaberriaren etortzea ospatuko dute, inauterien esanahiaren errora joanez.
Asteburuko proposamenak
Burrunba soinuak Hartzaron
Uztaritze. Hilaren 21 arte Hartzaroren 16. jaialdia ospatuko dute; asteburuan hasiko dira ekitaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu