San Sebastian eguna asteazkenean izanagatik, bezperan ere izango dira ekitaldiak. Hiritar merezimenduaren dominak eman dituzte udaletxean. Itzurun, Chernobil eta Katxalin elkarteek, Juan Ojanguren Ulacia sendagileak eta Nazaret ikastetxeak jaso dituzte dominak.
Urtarrilaren 20a, San Sebastian egunaz gain, Donostian Europako kultur hiriburutzaren urteari hasiera emateko ekitaldiak abiatzeko eguna ere izango da. 20tik 24ra bitartean ikusi eta egin beharrekoen aukeraketa egin du Irutxuloko Hitza-k.
Umeek ere lotuko dituzte sansebastianak eta kultur hiriburutza. Izan ere, haur danborrada egingo dute bihar eguerdian, eta aldi berean joko dituzte danborrak Wroclawko 4.000 haur inguruk. Pantaila erraldoi batzuen bidez ikusi ahal izango dira Poloniako irudiak. Donostiarekin batera, 2016ko Europako kultur hiriburu izendatu dute Wroclaw.
Txuri-urdinez koloreztatu dute aurten ere hiria; tartean, gauerdian urteroko legez festari hasiera ematen dion Konstituzio plazan, Eneko Goia alkateak Twitter bidez erakutsi duenez. Horrekin, ordea, kritiko azaldu da EH Bildu. Bestalde, jai "parte hartzaile, jasangarri eta eraso sexistarik gabekoak" opa dizkie Irabazik donostiarrei.
Konstituzio Plaza kolore txuri-urdinez beteko dugu gaur gauean. La Consti se prepara para lucir nuestros colores pic.twitter.com/uuGou0pqBV
— Eneko Goia (@enekogoia) January 19, 2016
Konstituzio plazako balkoietan beren baimenik gabe, Udalaren aginduz, oihalak jartzen ari direla esan digute hango bizilagunek.
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) January 19, 2016
Festarako orduak izanik, umorerako tarterik ere ez da faltako. Umoregintzan 30 urte daramatza Golden Apple Quartet talde donostiarrak, eta aurtengo sansebastianetarako bideo berezia argitaratu dute:
[Youtube]https://youtu.be/zizFZAibQtI[/Youtube]
Azpeitian ere izango da zer ospatu datozen orduetan. 22:15ean hasiko da helduen danborrada Bustinzuriko Errebaletik eta Artzubitik. Umeen danborrada, berriz, bihar, San Sebastian egunez, izango da, 12:30ean hasita. Beste herri batzuetan ere ospatuko dituzte sansebastianak; esaterako, Leaburun, Orendainen eta Berastegin.