Normalizazio bidean dauden hizkuntzek berebiziko lanak izaten dituzte kanpoko herri eta leku geografikoen izenak zehazten. Eremu berberean hitz egiten diren hizkuntza handiagoen eragina itzela da, eta hizkuntza horietara jo ohi dute hiztunek kanpoko herrien eta pertsonen izenak erabiltzeko orduan. Burujabetasun linguistikoa beharrezkoa dute hizkuntza gutxituek, normalizazioaren bidean jarraitu eta hizkuntza handien eraginaren itzaletik atera daitezen. Ataka zail horretan dago euskara. Egoera hori zuzentzeko, esfortzu ikaragarria egiten dihardu Euskaltzaindiak.
Andoaingo (Gipuzkoa) BERRIAko egoitzan bildu zen atzo Euskaltzaindiko Exonomastika batzordea, kanpoko leku izenak euskaratzeko ardura duen lan taldea. Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko toki geografikoen izendegia eratzeko prozesuan murgilduta daude oraintsu.
Batzordeko buru Jose Luis Lizundia euskaltzainak, Xabier Kintana euskaltzainak, Alfontso Mujika idazkariak, Irene Arrarats BERRIAko euskara taldeko buruak, Mikel Gorrotxategik eta Inaki Irazabalbeitiak osatzen dute batzordea.
Irizpideak
Euskarazko izena ezartzeko hainbat irizpide hartzen dituzte kontuan. Hasteko, jatorrizko hizkuntzan toki horrek hartzen duen izenari erreparatzen diote. Jarraian, euskararen inguruko hizkuntzetan, hots, gaztelaniaz eta frantsesez, leku izen horiek nola esaten diren aztertzen dute. Baina ez diete bi hizkuntza horiei soilik erreparatzen. «Beste hizkuntza batzuk ere hartzen dira kontuan, bretoiera, katalana eta okzitaniera kasu», azaldu du Lizundiak. Horrela, hizkuntza boteretsuenen eraginetik ateratzea lortzen da, hizkuntza txikiagoen mesedetan. Horrez gain, ingelesak eta izena zehazten ari den herrialdearen inguruko hizkuntzek zer dioten begiratzen dute. Usadioak zer dioen aztertzea ere garrantzitsua da. «Izen horiek euskaraz ea erabili diren ikertzen dugu. Palestinako eta Israelgo leku askoren izenak, adibidez, eliza testuetan agertzen dira», azaldu du Mujikak.
Libanoko eta Siriako hiri, mendi eta aintzira nagusien euskarazko izenak adostu zituzten atzo. Beste zailtasun bat dute herrialde horiek, arabiera transkribatzeko hizkuntza bihurria suertatzen baita. Afrika iparraldea eta Ekialde Hurbila Europako hainbat potentziak kolonizatu izanak ere baditu ondorioak. Izen horiek hizkuntza inbaditzaileetara transkribatu zituzten, ingelesera eta frantsesera gehienbat. «Baina euskarak hizkuntza bi horiek ez dituzten hainbat fonema ditu, hizkuntza arabiarraren fonemetatik hurbilago daudenak», adierazi du Kintanak.
Batzordean onartzen duten izendegia Euskaltzaindiaren osoko bilkurara aurkezten dute. Euskaltzainek horien inguruan oharrak egin ditzakete, eta, horiek eztabaidatu ondoren, bozkatu egiten dituzte. Bozetan onarpena jasoz gero, arau bilakatzen dira.
Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko izendegiekin, araugintza orokorra bukatuta edukiko du Euskaltzaindiak.
Hedabideek eta hezkuntza sistemak dute Exonomastika batzordeak arautu duena zabaltzeko erantzukizuna. Euskaltzaindiaren arauak eskuragarri daude Interneten, erakundearen webgunean. Izan ere, norberak ere badu bere hizkuntzan kanpoko leku izenak nola esaten diren jakiteko ardura.
Burujabetza linguistikoaz
Kanpoko leku izenen zerrenda ari da osatzen Euskaltzaindia. Komunikabideei eta, oro har, euskal gizarteari eskaintzen die zerbitzua, euskararen normalizazioaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu