Urtetik urtera hobetzen ari den arraza bat», hala deskribatu du Piriniotar Arrazaren Euskal Herriko 26. Lehiaketako epaimahaiak aurten Gernika-Lumon izan den eskaintza. Piriniotar arrazarekin egiten ari diren lana eskertu zien ganadutegiei hitz horiekin. «Orain dugun kalitatea hobetzen zaila da». Urriko lehen asteleheneko azoka egin zen atzo, ganaduari eskainitakoa, eta horren harira, 23 ganadutegitako 118 abelburu aurkeztu zituzten Bizkaiko udalerrian. Zekor, bigantxa, behi eta zezen, denek izan zuten lekua Santa Anako aparkalekuan egokitutako gunean. Goiza marru artean igaro zen, abelburuak elkarrekin lehia- tzen.
Animaliak ikustera jende ugari batu zen Gernika-Lumon egin zen feriara, baserritar eta kaletar, denak ere ganadua ikusteko gogoz. Batzuek ikusi besterik ez zuten egin; besteek enkantean parte hartu zuten. Horien guztien artean, hainbat haur zebiltzan koadernoa eskuan, behien bereizgarriak orrietan idazten. «Asko gustatzen zaizkit behiak», zioen haurretako batek. Ganadu feriaren aldamenean, eskulangileek ez zuten euren produktuak saltzeko aukera galdu.
Jon Koldo Bikandi garaile nagusia
Hainbat sailetan egin zuten sari banaketa, eta denen artean Iurretako (Bizkaia) Jon Koldo Bikandi abeltzaina gailendu zen. Behi, zezen eta ganadutegi onenen sariak jaso zituen Bikandik, eta epaileen laudorioak jaso zituen, gainera. Abeltzainak lehiara eramandako behiaren edertasuna, lepo eta bizkarraren arteko oreka eta gorpuzkera nabarmendu zituzten, esaterako. Eta zezenaren inguruan ere, hitz txarrik ez. Bi sari horiek bereganatuta, zaila zuen Bikandik ganadutegi onenaren saria ez jasotzea, eta Gernika-Lumora eraman zuen eskaintza aparta zela onartu zuten epaimahaikideek.
Bikandi, berriz, poz-pozik zegoen sari horiek guztiak jasota. «Esperantza handiarekin etorri gara gaur, bainaez genuen horrenbesteko saririk espero», esan zuen erabakien berri jakin ostean. Zortzi urtez etorri da Iurretako abeltzaina Gernika-Lumora, eta hainbat sari jaso ditu, «baina sekula ez denak batera». Horregatik, aurtengo ferian lortu dituenak berriro lortzea zaila dela adierazi du, gainerako ganadutegiek ere «sekulako maila daukatelako».
Urte ezin hobea izan du aurtengoa Bikandik, eta, horregatik, orain arteko bidean lan egiten jarraitu behar dela nabarmendu zuen atzo. Sari guztiak ez zituen berak bereganatu, ordea. Artifizialki ernaldutako behi onenaren saria Iurretako Rufino Jaiok bereganatu baitzuen.
Lehiatu ez ziren bi abeltzainek ere, Antoniok eta Marijosek, saria jaso behar zuten atzoko ekitaldian, piriniotar arrazaren hazkuntzan nazioartean erreferente izan direlako urteetan. Omenaldia, ordea, bertan behera geratu zen, osasun arazoak tarteko sarituak ezin izan baitziren Gernika-Lumora etorri.
Buztan eta adar artean
Gernika-Lumoko lehenengo asteleheneko azokan egindako piriniotar arrazako lehiaketan 118 abelburuk parte hartu dute. Jon Koldo Bikandi izan da garaile nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu