«Herri guztietan ari da zabaltzen inauteri eredu jakin bat, desfilean oinarritzen dena. Eta Trapagaranen ere eredu hori zabalduta dago dagoeneko», dio Kimetz Arana Trapagarango Basetxe gaztetxeko kideak. «Garai batean ere hala zen, baina desfilearen ondoren behintzat erromeria egoten zen, gaur egun ez bezala», gaineratu du. Horregatik uste du herri izaera galdu dutela Trapagarango inauteriek.
XX. mende hasieran ez zen horrela, ordea, Trapagaranen Carrascoliendas izeneko herri inauteriak egiten baitziren, 1930. urtera arte. Basetxe gaztetxeko kideak horren jakitun izanik, herri inauteri horiek berreskuratu nahi izan dituzte.
«Herriko gure zaharrei galdetu diegu ea nola bizi zituzten inauteri horiek, eta pixkanaka egitarau bat osatzen joan gara», dio Aranak. Era horretan, tradizioan eta herri izaeran oinarrituta, XXI. mendeko Carrascoliendas inauteriak antolatu dituzte herriko gazteek.
«Jakin ahal izan dugunaren arabera, inauterietan parte hartzen zutenak etxez etxe joaten ziren», dio Aranak. Baina Trapagaran XX. mende hasieratik asko handitu da, eta etxez etxe joateko ohitura horri ezingo diote eutsi. Hala ere, inauterietako komisioa auzoz auzo ibiliko da larunbatean, «normalean kultur ekintza guztiak herriaren erdigunean egiten baitira, eta auzoak ahaztuta baleude bezala geratzen baitira», dio gaztetxeko kideak.
Gainera, auzoko bizitza nukleoa txikiagoa denez, oraindik 80ko hamarkadako auzo giroa mantentzen dela ziurtatzen du Kimetz Aranak, eta horren ondorioz «auzokideek gehiago parte hartzen dute», dio. Gaztetxeko kideek jakitera eman dutenaren arabera gainera, auzokideak oso pozik agertu dira inauteriak berreskuratzearekin.
Euskara txertatu
40 laguneko komisio batek bisitatuko ditu Trapagarango auzo ezberdinak, denak ere arropa zaharrekin jantzita, eta aurpegia estalita daukatela. Mozorroak zehazteko unean, herriko adineko pertsonen beharra ezinbestekoa izan dela azpimarratu du Aranak.
Carrascoliendas inauteriak ospatzen ziren garaian, «Trapagaranen euskara galduta zegoen, baina gaur egun gazte guztiok dakigu euskaraz mintzatzen, eta horregatik ohitura honetan ere euskara txertatu nahi izan dugu», dio Aranak. Berreskuratu dituzten kanta guztiak gaztelerazkoak dira, baina horiek euskaratzea ez zitzaien bidezkoa iruditzen, ohitura hura aldatzen baitzen era horretan.
«Jakin genuen ordea, egunerokotasunaren arabera aldatzen zirela kantuak, eta hor ikusi genuen aukera euskara txertatzeko», azaldu du Aranak. Era horretan, bertsolariek auzo bakoitzean urtean zehar gertatutakoa kantatuko dute.
Azkenik, auzo bakoitzean egingo dituzten dantzak ere «erdi asmatu egin ditugu», Aranaren arabera. Nafarroako inauterietan oinarritu dira dantzatuko dituzten pausuak egiteko, batez ere Arantza eta Lantzeko dantzetan. «Asmoa zen edozeinek dantzatzeko modukoak izan zitezela, Nafarroako inauterietan ere era horretakoak izaten baitira dantzak».
Carrascoliendas, 81 urte geroago
Trapagarango Basetxe gaztetxeak 1930 arte herrian egiten ziren herri inauteriak berreskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu