Jendartean Internetek eta komunikazio teknologiek duten indarra gero eta argiagoa da. Eskala txikietan, azken asteetan ikusi dugu, Twitter bidez, idatzi gabeko mezuak bidaltzen zituen tresna batek jendearengan sortu duen ezinegona. Kontuaren jabeak jakin gabe, mezu pribatuak bidaltzen zituen pertsona horren jarraitzaileei.
Eskala handiagoan, gero eta nabariagoa da teknologia guzti horiek onerako edo txarrerako izaten ari diren eragina. Horregatik, gobernu, enpresa eta talde antolatuek horiek kontrolatu, monitorizatu edo mozteko ahalegina. Herri batzuetan, erabakia zentsura egitea izaten da; beste batzuetan, monitorizatzea nahiago izaten dute, baina, horretarako, hori egin ahal izateko azpiegitura eta sistemak behar izaten dituzte.
Hori saihesteko bideak badaude, baina gehienek Internet erabiltzen dute azpiegitura moduan, nahiz eta enkriptatuta egon edo anonimotasun neurriak martxan jarri. Azken finean, sare fisikoa Internet bada, kontrolerako aukerak beti egongo dira, nahiz eta zailtasunak jarri.
Hori saihesteko, sare propioak eraiki edo eduki behar dira. Guifi.net proiektuak, adibidez, sare paralelo bat antolatzea planteatzen du. Bide interesgarria, baina lan asko eskatzen duena. Baina, zergatik ez, dauden gailu kopuru handia ezagututa, horiek baliatuz sare banatuak eraikitzea; router, mugikor, gailu ezberdinek osatutako sareak antolatzea. Nik sare horretan dagoen beste batekin komunikatu nahiko banu, nahiz eta elkar ez ikusi, beste gailuen bidez komunikazioa zifratua eta anonimotasun maila altu batekin igaroko litzateke.
Ohikoa izan da gerretan horrelakoak antolatzea komunikazio sareak sortzeko. Diru eta azpiegitura gutxiren esku zegoen, baina gero eta errazagoa izango da, eta hori lortzeko jada garapen bidean dagoen proiektuetako bat Commotion (http:// tech.chambana.net / projects / commotion) da. Proiektu independente bat da, kontrolatzen zailagoak diren MANET sare banatu eta dinamikoak sortzeko.
Harrigarria da laguntza nagusia AEBen Estatu Departamentuak ematea. Beharbada interes propioagatik egiten dute: horrela, behar zuten teknologia baten garapena egin beharrean, merkeago ateratzen zaielako. Ez da lehenengo aldia, baina niri behintzat oraindik harritzen nauen gauza bat da; bakoitzak bere kalkuluak eginak izango ditu horretan ere.
Komunikazioa. Irlen sarea
Commotion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu