Birziklatze lan zaila.Cope irratiak Madrilen ekoizten dituen ohiko albistegietan, los testaferros de ETA ohartxoa eransten da Bildu aipatu behar den aldiro. Bada garaia hizkuntza belikoa desarmatzen hasiko balira, albistegietan besterik ez bada ere. Arduradunek horretan zerbaitetan lagun zezaketen Madrilgo lankideen aurrean. Baina, garai berrietara egoki daitezen, denbora eman beharko zaie guztiei ere. Eloisa Santiago EAEko albistegietako burua denetik hasita. Ostiralean, 14:00etako estatu mailako albistegian, ETAren azken agiria hizpide hartu, eta «euskal alderdi guztiek agiria errefusatu egin» zutela esan zuen. Birziklatze lan nekeza geratzen zaio, geratzen zaionez, errealitatea objektiboki neurtu litekeenetan ere horrela manipulatzen duen bati.
Busti blai.Ernesto Saenz de Buruagaren Así son las mañanas magazina eguerdiko 12:00etan amaitzen da, eta hortik aurrera euren sukurtsalak diren emisora erregionaleei ematen die lekukoa, bi orduz jardun dezaten. Arantxa Lezamiz da tarte horren gidaria. Joxe Angel Peña Gipuzkoako arduradunak eta biek informazio emate hutsetik haratago doan kirol albistegia osatzen dute astelehen eta ostiraletan (13:30etik 14:00etara). Mauri Idiakez (Gipuzkoa), Roberto Arrillaga (Araba) eta Jose Angel Peña (Bizkaia) etxeko kirol kazetariekin tertulia moduko irratsaio atsegina osatzen dute, pasa den edota datorren asteburuei begira. Nahikoa bustitzen dira hirurak ere iritzia ematean. Realaren inguruan dabiltzan kazetarien artean dibertigarriena Mauri Idiakez da. Ahoan ez du bilorik, eta astintzaile lana hartzen du. Irriak eragiten ditu Athleticeko zaleen aurkako ateraldiei esker.
Hiru hankako solasa.Saio horren aurretik, Gipuzkoako Copeko buruak, Santiago Ruiz de Azuak, Donostiako gaien inguruko tertulia antolatu ohi du alderdien ordezkariekin astelehenetan (12:45-13:15). Hirian agintean daudenak, Bildukoak gonbidatu izan dituela esana du Ruiz de Azuak, baina haiek ez omen dute inor bidaltzen. Hori horrela, denok irteten gara galtzaile: parte garrantzitsu baten bertsioa aditu gabe geratzen garen entzuleok, Bildu bera (espainiar ikuspegiko hedabideek baztertzen dutela salatu ohi duen koalizioa) eta, azkenik, oposizioko ordezkariak, zeinek udal gobernuaren faltan oilategian bezala aritzearen itxura ematen duten.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Cope, gertuko bertsioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu