'Cowboy'-en gisara

Joseba Salsamendi eta Xabier Eizagirre gazteek Nafarroako itzulia egin dute zaldian, hamahiru egunean, mendiz mendi

Idoia Etxeberria.
2008ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako itzulia egin dute zaldiz, mendirik mendi, Araizkobi gaztek: Joseba Salsamendi Beraza-k eta Xabier Eizagirre Ostokaitz-ek. Hamahiru egunean, Erronkariko ibarretik Bardearaino joan dira eta Lizarraldetik itzuli, Lekunberritik igarota. Errekan bainatu, belar-ohean lo egin... cowboy-en gisara. Natura eta abentura batu dituzte. «Jende asko ezagutu dugu, eta jende ona, laguntzeko prest zegoena», azaldu du Berazak. Hori izan ei da onena. Okerrena, galtzea, aurrez pentsatutako tokietara iritsi ezina, «larritasun hori, tentsio une horiek...». Eguraldia lagun izan zuten, eta gaitz erdi. Irailaren bukaeran eta urriaren hasieran egin zuten txangoa.

Berazak 25 urte ditu, eta duela lau bat urte hasi zen zaldian ibiltzen, baina betidanik gustatu zaizkio: «Baserrikoa naiz, eta lehenago gure etxean baziren zaldiak, baina haragitarakoak». Araizko ibarrean hiru-lau lagun hasi ziren zaldi gainean ibiltzen. Lauzpabost eguneko ibilaldiak eginak zituzten aurretik, astebetekoak ere bai, eta aspalditik zuten buruan Nafarroari itzulia egitea. Leitzako lagun batzuk joanak ziren Bardearaino zaldiz, baina gurdian bueltatu ziren. «Guk buelta osoa egitea pentsatu genuen. Uste dut aurretik inork ez duela egin».

Hiru behor eraman zituzten: bakoitzak berea, eta hirugarrena, zamalanetarako. Beharrezkoa iruditu zitzaiena soilik hartu zuten: «Arropa, lo-zakuak, kanpadenda eta esterillak, jana -pentsua ere bai, badaezpada ere-, zaldiak ferratzeko tresnak, botikak, aizkora txiki bat...». Aizkora primeran etorri zitzaien, bideak garbitzeko. Besteak beste, iraulitako enbor bat topatu zuten, traban. «Topatzen genuen lekuan egiten genuen lo: ahal baldin bazen, bordaren batean... belarrarekin ohea egiteko ere, arazorik ez!».

Hori bai, sorpresa politak ere izan zituzten. Galdu ziren batean, Gonzalo ezagutu zuten; Leireko monasteriorik hurbil ilundu egin zitzaien, eta hark etxera gonbidatu zituen, Biguezal herrixkan: «Berak egina zen txabola-etxea; lastozko hormak zituen, lokatzez kanpotik eta barrutik, eta teilatua, egurrezkoa. Berarekin afaldu genuen, eta oso ondo». Gosari bitxia gertatu zien, gainera: «Oloa eta garagarra». Zangozan, berriz, erretiratu batek baratzeko tomateak eta xanpaina eman zizkien. «Oso jatorra zen. Jendea harrituta geratzen zen begira, eta beti galdetzen ziguten nondik gentozen eta nora gindoazen».

Bi pertsona, bost lagun

Bi pertsona joan ziren, baina bost lagun. Izar, Xena eta Foxter behorrak ere nekatzen ziren, eta gosea izaten zuten, eta triste jartzen ziren. «Caparroson Foxter-i zama kendu behar izan genion». Minez zegoen, pisuak urradurak egin zizkion eta. «Pentsurik gabe etorri ginen etxeraino. Haztegi batean jende on horietakoa topatu genuen, eta ondo». Lehenago, Erronkariko ibarrean, Izar-i «aspirina antzeko sendagaia» eman zioten, herrenka zebilelako. «Berehalaxe fresko-fresko zegoen berriz». Arto lapurretan ere ibili ziren, behorrei jaten emateko: «Bardean ugaria da artoa, eta uste dut jabeak ez zuela igarriko!».

Egun batean lagunak joan zitzaizkien bisitan, asteburuan. «Pentsua ekarri ziguten, eta ogi handi bat. Haiekin afaldu genuen taberna batean, eta egunak generamatzanez ahal zen tokian jaten, ba, primeran!». Hamabi egun egin zituzten bizarra moztu gabe. «Ohitu gabe gaude, eta azkenerako hazkura pixka bat ematen zuen!». Bueltan, sutondoan bazkaldu eta ohean lo egitea oparia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.