Mariren jaitsieraren eguna izan zen atzo Beasaingo loinatzetako estreinako egunean, txupina pizteko eguna, eta danborrena izango da gaur. Haurrak, lehenik eta behin, eta helduak, ondoren. Danbor hotsa ez da faltako Goierriko herriko kaleetan barna. Aurten, gainera, mende erdia bete du umeen danborradak, eta haren sortzaileei omenaldi berezia egingo diete, eguerditik aurrera. San Martin plaza izango da ekitaldi bereziaren lekuko. Danborrada Igartzako auzotik aterako da 12:00etan, eta 12:45ean alardea izango da, Koxkola txarangarekin, Goizeresiko txistulariekin eta Dantza Eskolako bandarekin batera.
Arratsaldean, helduen txanda iritsi aurretik, umeek jolaserako tartea izango dute Poxpolo eta Konpainia pailazoekin eta Txan magoaren agerraldiarekin. Lehenak, San Martin plazan, eta magoa, txosnetan. 18:30erako makilak eta danborrak bero-bero izango dituzte helduen danborradakoek. Hainbat kaletan ibiliko dira konpainiak, eta herria girotzen jardungo dute arratsa, harik eta 22:30ean alarde handia ateratzen den arte; Zapatari kalean irtengo da. Gauerdirako elkartuko dira San Martin plazan, urtero legez loinatzetako une hunkigarrienetakoa eskainiz.
Danborren klasikotasunak gaurko musikari utziko dio lekua berehala. Gauari hasiera ona emateko txosna gunean DJ Txo! egongo da, eta, ondoren, Lain eta Bongo Botrako rock taldeek joko dute. Bideluze plazan ariko dira azken horiek gaua girotzen.
Udalbatzaren sokadantza
Txistularien kalejirak piztuko du goizean igandeko jai egitarau luzearen traka. Haurrentzako tailerrek Joan Iturralde plazan eta herri kirol jaialdiak Gernika pasealekuko pilotalekuan beteko dute goiz partea udalbatzaren sokadantza heldu arte. 12:30ean izango da da San Martin plazan. Bermutarako aitzakiarik ez da faltako, ezta herri bazkarirako ere. Animoak behera egin ez dezan bertso-triki poteoa antolatu dute igande arratserako, txosnetan.
Pilotazale direnek Gernikako pasealekuko pilotalekuan izango dute zer ikusi: bikoteen arteko herri txapelketa izango da.
Horrez gain, Sokolo dantza eta musika taldeak herriko kaleak girotuko ditu, 19:00etatik aurrera, eta, eguna ongi amaitzeko, herri afaria eta karaokea egingo dira txosna gunean. Su festak eta Bidaia taldearen kontzertuak lagunduko dute igandea luzatzen .
Aste barrua izanagatik, astelehen eta asteartean ere jaiak ez du behera egingo. Parrandan jarraitu nahi duenak izango du non aukeratu, hala herriko plazan nola txosna gunean. Beasaingo txistularien goiz eresiarekin hasiko dute eguna goiz-goizetik. Loinazko San Martinen basilikan erromeria izango da, eta fandangoa eta arin-arina dantzatzeaz gain, jan-edanerako aukera egongo da.
Kirola izango da goizeko beste protagonistetako bat. Gaztetxoen aretoko futboleko finala jokatuko dute, La Salle ikastetxean. Haurrek Urbialde plazan puzgarriak eta jolasak izango dituzte ongi pasatzeko.
Oria eta Iraunkorra txarangek kuadrillak dantzan jarriko dituzte kalez kale, eguerdian. Urbialde plazan, haurren jolasak izango dira arratsaldean, eta kuadrillek olinpiar jokoetan neurtuko dituzte indarrak euren artean, txosna gunean.
Ondoren, Egan musika taldeak kontzertua eskainiko du, Bideluze plazan. Bi emanaldi emango ditu: 19:00etan eta 23:00etan.
Asteburu honen bidetik jarraituko du datorrenak ere, jaien bigarren asteburua ospatuko baitute. Etxean geratzeko aitzakiarik ez da izango, beraz. Ostiral, larunbat eta igandea ekitaldiz betetako egunak izango dira: patata tortilla txapelketaz gain, mozorro lehiaketa eta Achtung, Inoren Ero Ni, Peachy Joke eta Ingo al Deu? taldeen kontzertuak egongo dira.
Jaiak
Danbor hotsak hartuko ditu kaleak
Loinatzak abiarazi zituen atzo txupinak, eta asteburu luzea dator Beasainera, musika, dantza eta festarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu