Dantza, hobeto arnasteko

Erraustegiaren aurka Zubietan 'flash mob' erraldoia egingo dute martxoaren 20an. Indarrak batu eta beste zabor kudeaketa mota baten aldarria egingo dute dantzan.

Martxoaren 20ko flash mob-a prestatze aldera Haizearen Orrazian egindako entsegu bat. GIPUZKOA ZERO ZABOR.
Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Egun eta leku sinbolikoak aukeratu ditu Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren aurkako flash mob-a egiteko. 2.000 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzte martxoaren 20ean Zubietan, musika eta dantzaren indarrarekin erraustegiari ez esateko. Leku publiko batean egiten den dantza erraldoiari deritzo flash mob.

Sinbolikoa da lekua, arazoaren muina irudikatzen baitu: erraustegi planta eraikitzea pentsatzen duten eremua. Martxoaren 20arekin, berriz, zaborren kudeaketaren arazoak eskatzen duen irtenbidea erakutsi nahi dute. Izan ere, Usurbilen atez ateko zabor bilketa sistemaren bigarren urteurrena ospatuko dute egun horretan.

«Koordinatua dagoen herria irudikatu nahi dugu dantzarekin. Denok elkartzen gaituen gauza alaia da dantza», adierazi du Erik Gonzalez Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak. «Flash mob-aren euskarria erabili nahi dugu Zubietako errauste plantaren atzerapena eskatzeko». Gizarteko sektore guztietara iristeko xedearekin antolatu dute ekimena. «Adin eta jende mota orotara iritsi nahi dugu dantzaren bitartez», gaineratu du.

Dantzara deitzeko kartela ere sinbolismoz josi dute antolatzaileek. Txuri beltzean egina dago, erraustegia irudikatzeko. Dantzarekin beste koloretako mundua posible dela aldarrikatu nahi dute.

Lady Gagaren abesti ezagun bat hartu eta euskarazko hitza jarri diote. Hartu nahi dut arnas izenburupean, elkartasun uholdea sortu nahi dute Zubietan. Mikel Erguin koreografoa arduratu da musikarekin bat doan dantzaren pausoak asmatzeaz.

«Oso erraza da, ordu erdian edonork ikas dezake dantzatzen», ziurtatu du Gonzalezek. www.gipuzkoazz.com webgunean dantzaren pausoak ikasteko hainbat bideo jarri dituzte. «Nahi izanez gero, gurekin harremanetan jar daiteke jendea, eta guk irakasle bat bidaliko genuke haien herrietara», azaldu du Gonzalezek. Herriz herri ari dira martxoaren 20rako dantza entseguak egiten. Besteak beste, Zarautzen, Zumaian, Orion, Donostian, Usurbilen, Aizarnazabalen eta Oñatin.

Garabi batekin airetik grabatu nahi dute dantza. «Goiko ikuspegitik ikusteko prestatu dugu. Mugimendu asko dituen dantza da. Makurtu behar zara, salto egin behar duzu, eta goitik ikusteko oso aproposa da», azaldu du.

Egun magikoa

Egun berezia izango da martxoaren 20a, eta egitarau zabala prestatu dute jai giroan beste zabor kudeaketa mota baten aldarria egiteko. 10:00etan elkartuko dira Zubietan, eta hainbat entsegu egingo dira. Porrotx eta Marimotots pailazoek eskola bizkor batzuk emango dituzte, dantza ikasteko astirik izan ez dutenentzat. Otartekoak, barrikotea eta freskagarriak egongo dira nahi dutenentzat. Disko jartzaile batek jai giroa alaituko du, eta euskal dantza, break eta dantza latinoko erakustaldiak izango dira. 13:30ean ekingo diote flash mob-a dantzatzeari.

Baikor agertu da Gonzalez, hala ekimenak izango duen parte-hartzearekin, nola flash mob-ak Gipuzkoa Zero Zaborren helburuak lortzeko izango duen eraginarekin. «Gainezka egingo dugu 20ean. Ekimen honek freskotasun eta indar pilo bat emango digu erraustegia geldiarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.