Otxandiarrek bihartik aurrera festa giroaz gozatzeko aukera izango duten arren, asteartera arte botako ez dute santamañei hasiera ofiziala emango dion txupina. Ospakizunek hilaren 22ra arte iraungo dute, eta, bitartean, egitarau oparo batez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eskaintza aberatsa baitago.
Aurten, jaiak antolatzeko herritar askok hartu dute parte antolaketa lanetan. Gauzak horrela, «herritik sortutako eta herriarentzat» diren jaiak antolatu dituztela jakinarazi dute Santamaña jai batzordekoek: «Herri jaiak, parte hartzaileak eta adin guztietakoentzat izango dira».
Dantzariek abiatuko dute festa, kalejira batekin eta Dantzari dantza ikuskizunarekin. Gero, herri afaria egin ostean, dantzaldiaz gozatzeko aukera egongo da, Laket taldearen bitartez. Igandean, berriz, dantza alde batera utzita, ahotsak berotu eta kantatzeko eguna izango da. Eguerdian Lagun artean kantari ekimenarekin hasiko da jai giroa. Ondoren, Maiondoko gimnasio berrian herri bazkarian indarrak bildu ostean, kalez kale arituko dira Soinubilekoak kantari.
Asteartean emango diete hasiera ofiziala santamañei. Otxandioko pilotazaleek antolatutako pilota txapelketako finalaren eta tokiko presoen eskubideen aldeko elkarretaratzearen ostean, herriko saskibaloi taldeko neskek botako dute txupina, iluntzeko bederatzietan. Jaia hasi bezain laster, danborrada abiatuko da herriko kaleetan zehar. Gauean, herritarrek grabatutako lipdub-a proiektatuko dute, eta, jarraian, dantzaldia izango da, Joselu Anaiak taldearekin.
Asteazkena izango da jaien egun handia, Santamaña eguna, hain zuzen ere. Goizeko kalejiraren ostean, meza nagusia egingo dute, eta Oihandi abesbatzak parte hartuko du. Goiz guztian musika eta dantza izango dira protagonista. Arratsaldean, berriz, pilota partidak eta folk ikuskizuna egongo dira, Kherau taldearen eskutik. Ondoren, herritarrek gerria mugitzeko aukera izango dute, Luhartz taldearekin eta kuadrillen arteko playback-arekin.
Ostegunean, tokiko txikienek herria eurentzat hartuko dute eguneko egitarauaz gozatzeko. Eguerdian, udalerriko haur batek alkatearen makila jaso eta alkate txikiaren kargua hartuko du egun osorako. Gero, udaletxeko balkoitik txupinazoa bota ostean, haurrek buruhandiak, jolas parkeak, pilota partidak eta musika ikuskizunak izango dituzte aukeran, besteak beste. Gaua ailegatzean, alkateak berriro bere kargua berreskuratuko du, eta, eguneko azken txupina bota ondoren, egunari amaiera emango diote.
Astebeteko egitaraua
Datorren asteburuan ere, jaiei jarraipena emateko, ekintza ugari izango dira Otxandion. Ostiralean, gazte eguna izango da: bazkaria, jolasak eta kontzertuak gaztetxean izango dira, besteak beste.
Larunbatean, musika nagusituko da. Hala, egun osoan kalejirak eta txarangak alaituko dituzte herriko bazterrak. Gero, iluntzean, kontzertuen ordua helduko da, Arkada Social eta Goseren eskutik. Erromeriak gaua luzatuko du, Tximeleta taldearekin; hala, gaupaseroek diana eta kalejirarekin topo egingo dute, argazki erraldoia atera ostean.
Goizetik izango da jaia igandean, sokamuturrarekin eta herri kirolekin, besteak beste. Eguerdian, Andikonako bonbardaketan hildakoak omenduko dituzte. Iluntzean, berriz, Zerutik sua dator ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Gero, berbena izango da Orotz taldearekin, eta, ondoren, Agur Santa Marina abestia kantatuz santamañak agurtuko dituzte, hurrengo urtera arte.
Jaiak. Otxandio
Dantzan hasiko dituzte festak
Dantzari eta dantzaren eguna ospatuko dute bihar Otxandion, baina jaiak asteartean hasiko dira ofizialki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu