Jaiak. Sanmigelak Iurretan

Dantzariekin jai giroan

Dantzarien eta agintarien kalejira eta dantzari dantza nahiz nesken sokadantza izango dira gaur

Dantzari dantza egingo dute gaur arratsaldean. BERRIA.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Dantza da nagusi Iurretako San Migel jaietan. Atzo, San Migel egunaren bezperan, ohiturazko Doniel-Hatxa jaso zuten, eta, ondoren, dantzarien azken entsegua izan zen, giro ederrean, eta herritarren txaloen artean.

Gaur goizean, dantzariak agintariekin kalejiran irtengo dira, eta, mezaren ostean, dantzari dantza egingo dute. Arratsaldean, mutilek dantzari dantza egingo dute, eta neskek, sokadantza. Orain dela hamabi urte berreskuratu zuten nesken sokadantza, eta arrakasta handia izan du urteotan, sanmigeletan jendaurrean erakutsi dutenean.

Baina dantzak ez ezik, jaietan ongi pasatzeko ekitaldi ugari izango dira Iurretan. Giro polita egongo da Eneko Abasolo Abarkas, Gorka Lazkano eta Igor Elortza bertsolariek gaur eguerdian egingo duten saioan, arratsaldeko tortilla txapelketan, eta gauean Luhartz musika taldeak egingo duen erromerian.

Bihar, haurren eguna ospatuko dute. Eguerdian, umeen parkea zabalduko dute, 14:00ak arte, puzgarri, tailer eta beste hainbat jolas eta jardueraz gozatzeko. Arratsaldeko lauretatik zazpietara ere zabalik egongo da umeen parkea.

Gastronomia txapelketa jokatuko da 14:30etik aurrera, munduko arrozen inguruan. Parte hartzaile bakoitzak behar dituen osagaiak eta tresneria ekarri beharko ditu.

Azkenik, asto probak izango dira bihar arratsaldeko seietatik aurrera. Garaikurrak eta 220 eurotik 340 eurora bitarteko sariak banatuko dituzte.

Urriaren 4an, Iurretako kale azoka egingo dute hainbat trikitilarik alaituta. Biharamunean, umeentzako berbena izango da arratsaldean, eta rock kontzertua gauean, Zea Mays, Skasti eta Tximeleta taldeekin.

Urriaren 6an, animaliaz mozorrotuta aterako dira herritarrak, eta bertso saio aparta izango da Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Miren Amurizarekin.

Urriaren 7an amaituko dira sanmigelak, Arrosario Egunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.