Konpositorerik gabeko musika ekoizten ari dira Londresko Imperial Collegeko zientzialariak, hotsen bidez. Charles Darwinen hautespen naturala oinarri duen programa informatiko bat eta Internet sareko milaka erabiltzaileren laguntza nahikoa izan dute esperimentua martxan jartzeko. Pop kantu perfektuaren bila dabiltza, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkariak argitaratu duenez.
Musika joerak etengabeko eboluzioan egotearen arrazoiak argitzeko helburua dauka Londresko Imperial Collegeko egitasmoak. Artean eta zehazki musikan gertatzen diren aldaketa kulturalak Darwinen hautespen naturalaren arabera geratzen direnetz argitu nahi dute, finean, izaki bizien eboluzioan gertatzen den antzera. Horretarako, hotsak sartu dituzte ordenagailu batean, ausaz erreproduzitu ditzan hark. Erabiltzaileek iritziak ematen dituzte gero. Kantu modernoen doinuz eta akorde sofistikatuz beteriko musika da emaitza. 7.000 internautak erantzun dituzte galderak.
«Denok dakigu jenioen tradizioen bidez egiten dela musika: Bachek Beethoveni eman zion lekukoa; hark Brahmsi; Lennonek eta McCartneyk Gallagherri… Baina hori al da benetan musikaren eboluzioa hauspotzen duena?», galdetu du Armand Leroik, ikerketaren egileetako batek. Poparen eboluzioan kontsumitzailearen hautespena ez ote den benetako indarra jakin nahi dute. «Erabiltzaile batek deskarga bat egiten duenean, beste bat egin beharrean, hautaketa bat egiten ari da; milioi bat hautaketak milioi bat sormen ekintza dira. Horrelaxe sortu zuen Lurrean hautespen naturalak bizia; hori egiteko gai izan bazen pop kantu bat egiteko gai izango dela uste dugu».
Prozedura konplexua
DarwinTunes esperimentuak ehun musika zati dauzka, bakoitza zortzi segundokoa. Korte horiek puntuazioa jasotzen dute bost mailatan: Ezin dut jasan kategoriatik Maite dut mailara iritsi arte. Hamar zati estimatuenak jaso eta haietan oinarrituta beste 20 nahasketa sortzen ditu DarwinTunesek. Birsortze musikala da prozesua. Ikerketa argitaratu dutenerako, DarwinTunes 2.513 belaunaldiko eboluzioa izan du.
Edonork parte har dezake esperimentuan DarwinTunesen webgunera sartuta (www.darwintunes.org). Hainbat musika zati entzun eta deskargatzeko modua ematen du webguneak.
Ezarian. Zientzia
DarwinTunes, hautespen naturalaren bidezko musika
Darwinen teoria baliatuz musika ekoizteko esperimentua martxan da milaka kolaboratzaileri esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu