Dejada, runba erritmoan

Arrebote taldearen azken bideoklipean parte hartu dute Juan Martinez de Irujo eta Aitor Zubieta pilotariek; oihartzun handia izaten ari da sarean 'La mejor dejada' kantaren bideoa.

Pilota partida bereziaren atarikoa, apaiza erdian dela. BERRIA / BERRIA.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bitxia da nahasketa: urrunak diruditen kultura eta tradizio bi, uztartuta; runba doinuak eta pilota; gazte rasta ile-luzeak eta garai bateko jantziak soinean pilota partida ikustera joandakoak nahasian; gitarrak eskuan eta pilota jokoan. Eta bideoklipeko protagonistetako bi, Juan Martinez de Irujo eta Aitor Zubieta pilotariak.

Arrebote musika taldeak La mejor dejada kantarentzat berriki egin duen bideoklipa oihartzun handia izaten ari da sarean. Aste honetan jarri dute YouTube atarian, eta sei milatik gora erabiltzailek ikusi dute egun gutxiren buruan. Ekainean grabatu zuten bideoa, Ihabarko pilotalekuan (Nafarroa). Pilotalekuaren ezaugarriak aproposak dira urteetan atzera egin eta garai bateko pilota partida bat irudikatzeko, La mejor dejada kantak pilota finala ikustera joandako kuadrilla baten bizipenak kontatzen eta irudikatzen baititu. Pilotalekua, dantzariak, ikusleak, pilotariak, apaiza, seiscientos auto zaharra... denboran atzera egin eta bideoa behar bezala girotzeko osagai guztiak prestatu zituzten. Bitxia da uztarketa, dotorea azken emaitza.

«Iñigo Muñoa, Arrebote taldeko kantaria, laguna dut, eta hark ideia proposatu zidanean berehala onartu nuen. Juani kontatu, eta hark ere baietz, gustura parte hartuko zuela. Oso giro onean egin genuen bideoa, txantxa askorekin; grabaketa arina egin zitzaigun, eta guztiok jarri genuen onena, garaiko jantziak jantzi zituzten ikusleetatik hasi eta musikariekin bukatu», hala gogoratu du egun haietan bizitakoa Aitor Zubietak. Apustuak Zubietaren alde egin zituzten ikusleek. Irujo ari zen nagusitzen, baina azken txanpan Zubietak gainditu egin zuen. Irudiekin runba kantaren hitzek bat egiten dute.

Emaitzarekin gustura dira Arrebote taldekoak ere, nahiz eta baduten atsekabe puntu bat. Bideoan Odei Iturrioz pilotariak parte hartu behar zuen, musikarien adiskidea zen neurrian. Urdiaingo pilotari gaztea auto istripu batean hil zen, ordea, 21 urterekin. «Bideoa hari egindako omenaldia da», dio Iñigo Muñoa abeslariak. Bideokliparen bukaeran Iturriozi idatzitako mezua da omenaldi horren lekuko: Ziur izan beste frontoi batetan ikusiko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.