Denboralearen

Donostiako Pasealeku Berria zabalik dago berriz ere oinezkoentzat. Ibilgailuek maiatzera arte itxaron beharko dute handik igarotzeko.

ainara arratibel gascon
2008ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean lasaitasuna datorrela dio esaerak. Donostian ere badirudi hala dela. Aurreko asteko denboraleak eragindako kalteak konpondu ostean, atzo zabaldu zuten berriro ere Pasealeku Berria oinezkoentzat. Aste Santuko oporrak eta goizean egin zuen eguraldi goxoa aprobetxatuz, asko izan ziren hara bildu zirenak. Oinez, lasterka, bizikletan edo eta irristagailuekin osteratxoa egin, eta goiz pasa atsegina igaro ahal izan zuten. Bertakoek konponketa lanak nola zihoazen ikusteko jakin-mina zuten. Turista ugari, ordea, ez zuten denboralearen berri, eta ezustean harrapatzen zituen. «Ez du ematen hemen aurreko astean denboralea izan zenik. Dena nahiko txukun dago eta!», zioen Italiako Siena herritik etorritako Fabrizio DiFiorik argazki kamera eskuetan zuela.

Turistak ez ezik, Mikel Garaigordobil irundarra ere argazki kamerarekin bertaratu zen Pasealeku Berrira. «Argazkilaritza oso gustuko dut, eta denboralearen egunean hemen izan nintzen argazkiak ateratzen. Asteburuan ere atera nituen konponketa lanen argazkiak. Beraz, gaur ere ezin nuen huts egin». Aurreko egunetako argazkiak ikusgarriagoak eta bereziagoak ziren arren, atzo ateratakoekin ere pozik zegoen Garaigordobil. «Pertsonak ateratzeak beste bizitasun bat ematen die irudiei. Eguraldia, gainera, aparta da argazkiak ateratzeko». Bide batez konponketa lanak nola zihoazen ikusteko aprobetxatu zuen. «Igandean jada nahiko ondo zegoen ingurua, eta bi egun hauetan azken ukituak emateko aprobetxatuko zuten».

Denboraleak eragindako kalteen argazkiak ateratzeko asmoa zuen Carlos Fernandez madrildarrak. Baina segurtasunagatik hainbat tokitan jarrita zeuden hesiak salbu, apenas antzeman zuen denboralearen arrastorik; ezta aurreko egunetan inguru hartan nagusi ziren hondeamakina, kamioi eta betoi nahasgailuen arrastorik ere. Esperotako irudirik gabe itzuliko da oporraldien ostean, beraz, etxera. «Itsasoari argazkiak ateratzearekin konformatu beharko». Fernandezek telebistan ikusi zituen denboralearen irudiak, eta harrigarria iruditu zitzaion atzorako Pasealeku Berria zabalik egotea. «Majo egin beharko zuten lan konpontzen aritu direnek», zioen irribarrez.

Sonia Perezen sorterrian, Galizian, ohikoak izatean dira halako denboraleak. Beraz, ohituta dago halako egoeretara. «Han ere berehala konpontzen dituzte kalteak. Are gehiago, oporraldia gertu badago. Komeni bazaie berehala mugitzen dira politikariak».

Asko dira egunero-egunero inguru haietatik osteratxoa egiten duten adinekoak. Horietako bi dira Pepi Urretabizkaia eta Maria Erauskin donostiarrak. Pozik zeuden atzotik berriro ere beren ibilbidea egin zezaketelako. «Ohitura kontua izango da, baina guretzat inguru hau bezalakorik ez dago goizeko bueltaxka egiteko. Itsasoari begira eta ondokoarekinhizketan oharkabean egiten dugu medikuak agindutako osteratxoa». Dagoeneko eginda zuten atzokoa, eta Alde Zaharrean pintxo bat jatera joateko asmoa zuten.



KONPONKETA LANAK MAIATZERA ARTE. Aste Santuko oporrak amaitu ostean berrekingo zaie Pasealeku Berriko konponketa lanei. Hala, maiatzerako lanak amaituta egotea espero du Donostiako Udalak. Ordutik aurrera, oinezkoak ez ezik, ibilgailuak ereigaro ahal izango dira Pasealeku Berritik. Denboraleak sortutako kalteen ondorioz pasealekuko lehen begiratokira arte sar daitezke. Handik gertu 18 metroko sakontasuna, eta 12 metroko zabalera zuen zuloa eragin zuen denboraleak. Dagoeneko estali dute zuloa, baina oraindik konponketa batzuk falta dira, eta hori dela eta maiatzera arte ibilgailuek ezingo dute handik ibili.

Urgull mendira doan autobus zerbitzua ere bertan behera geratu da ordura arte. Halaber, inguru haietan dauden aparkalekuak ezin dira erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.