Denboran atzera

Erromatarren garaiko Oiartzungo meategiak merkeago bisitatzeko aukera izango da igandean

Arditurriko meategiko bisita gidatua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Igandean, II. Arditurri Eguna ospatuko dute Oiartzungo Arditurriko meategietan. Helburua turismoa sustatzea eta museoa dinamizatzea da.

Erromatarren garaiko meatzeetan bisita gidatuak egiteko aukera izango da. Bi mila urtez ia etenik gabe ustiatutako meategi bat da, eta kilometroetako zulobideak ditu. Aberastasun historiko, natural eta arkeologikoa eskaintzen dute zulobideek. Bi bisita mota eskainiko dira. Batetik, oinarrizko bisita izango da: helburua bisitaria meategiaren garaietara eramatea da, argiztapena eta soinua erabiliz. Bestetik, bisita sakona dago: denborak estalitako sekretuak erakutsiko dituzte; lurpeko paisaia eta erromatarren garaiko aztarnak.

Prezioak murriztuak izango dira: oinarrizko bisitaren prezioa bi eurokoa izango da; eta sakonarena, hirukoa. Ordutegiari dagokionez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izango dira.

16:30ean, Jose Angel Torresekin, Mineralen Bila irteera egingo da Luberri aldera, eta ordubete iraungo du. Han, harriak bilatu, eta, ondoren, aztertu egingo dira. Adin guztietako jendearentzat antolatu dute ibilaldia.

Bi erakusketa ere izango dira Arditurrin: Luberri Ikasgune Geologikoa eta Herri Musikaren Txokoa. 11:30etik 12:30era historiaurreko lanketa tekniken erakustaldi bat ere antolatuko dute.

Beste zerbitzu batzuk ere emango dituzte: egun guztian janari eta edari zerbitzua eskainiko dute, eta aparkalekutik parketxera joateko doako txu-txu trena egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.