Udan ere irekita egongo da Legazpiko Euskal Burdinaren Museoa (Gipuzkoa). Burdinaren industriak herrialdean izandako garrantzia aztertu ahalko du bisitariak.
Euskal Herria abiapuntu hartuta, industrializazio-aurreko garaian gizakia, ingurunea eta burdin lanketaren artean zegoen harremana erakusten du museoak.
Museoa bisitatzeaz gain, gaiarekin lotutako bi txango ere antolatu dituzte: Burdinaren taupadak eta 50 urteetara bidaia: langileen ibilbidea.
Lehenengo ibilbidearen barruan, Mirandaolako burdinola, Artzaintzaren Ekomuseoa eta Ogiaren Txokoa bisitatzeko aukera izango da. Bisita igandean eginez gero, burdinola martxan ikusteko aukera izango da.
Bigarren txangoan, berriz, garai hartako langile baten etxebizitza, langileen seme-alaben ikasgela eta kapera ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Antzinako galdaketa fabrika batean kokaturik dago museoa, eta burdina hainbat ikuspuntutatik aztertzen du: historia, teknologia, zientzia, industria, paisaia... Gainera, museoa hartzen duen Fundaciones San Miguel fabrika zaharreko jatorrizko elementuak mantentzen ditu.
Erakusketa iraunkorraz gain, museoko jatetxean jan eta eskuz egindako produktuen denda bisita daiteke.
Asteartetik igandera izango da zabalik museoa, 10:00etatik 19:00etara.
Gerizpean. Uda-pasa
Denboran atzerako bidaia
Euskal Burdinaren Museoa zabalik izango da udan; igandean joanez gero, burdinola martxan ikus daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu