Pisako dorreak makurtuta jarraitzen du, baina ez da gehiago mugitzen. Horrela dio, behintzat, haren salbatzeaz arduratuta zegoen geologoak, Michele Jamiolkowskik. Are gehiago: azken bi hamarkadetan egindako lanek zertxobait zuzendu dute, eta duela hiru mende zuen makurdura berreskuratu du, hau da,3 metro eta 99 zentimetro. Mugimendua gelditzeko teknika anitz erabili dituzte, eta hasierakoek eraginik izan ez badute, badirudi azkenekoekin lortu dutela. Dena den, ez omen dute guztiz zuzentzeko asmorik, arduradunek diotenez, xarma guztia galduko bailuke.
Italiako Pisa herrian dagoen erakinak ez zuen fama irabazi bere arkitekturagatik, baizik eta bere akats handiarengatik. Eraikitzen hasi eta berehala makurtuz joan zen. Baina ez zuten amore eman, eta dorrea bukatzeko bi mende behar izan bazituzten ere, 55 metro eta 86 zentimetroko garaiera osatzen duten zortzi solairuak hupatu zituzten. 1173an ekin zioten lanari, baina bost urte geroago, hirugarren solairuan zirelarik, utzi behar izan zuten, hegoaldeko aldean lurrean sartzen zelako eta dorrea makurtzen zelako. 90 urteren buruan berriz lotu zitzazkion lanari, eta makurdura zuzentzeko ondoko solairuak trebeska jarri zituzten. Neurria alferrikakoa izan zen, eta 1301ean berriro etsi behar izan zuten. Baina ez betiko, 1350etik 1372ra dorrea bukatzea lortu baitzuten.
Garai horretan makurdura metro bat eta 40 zentimetro zen, baina mendeak pasa ahala dorreak mugitzen jarraitu zen. 1817an, 3 metro eta 80 zentimetro zen, eta 1993an, bost metro eta 40 zentimetro. Garai horretan Pisako dorreak orduan hiru urte itxita zeramatzan, arriskutsu bilakatu zelako bisitarientzat, momentu batetik bestera erortzen ahal zelako. Itxi baino aitzineko 60 urteetan 18 milioi lagunek bisitatu zuten.
Turistei hesteko erabakia hartu ondotik, Pisako arduradunek Jamiolkowski kontratatu zuten hondamendia saihesteko. Geologoa hasi zenean, dorrea milimetro bat mugitzen zen urtean, eta dituen 14.000 tonengatik ez zen lan makalari lotu. Ikerketa egin eta gero, ohartu ziren arazo guztien erantzulea dorrearen azpian dagoen lur ezegonkorra zela, eta hori ikusita harkaitzekin indartzea otu zitzaien. Baina ondorioa kontrakoa izan zen, eta dorrea azkarrago mugitzen hasi zen.
BIGARRENEAN BAI. Salbatzeko lanetan, eraikitzekoetan bezala, ez zuten berehala etsi, eta 1998an bertze zerbait saiatzea erabaki zuten. Barnetik, lurrean 15 metrotan sartutako zutabeetan oinarritzen zen burdinazko egitura sartu zioten, eta makurtzen zen bertze aldean azpiko lurra kendu. Orduko saioa garaipena izan zen langileentzat, eta, gainera, dorrearen zertxobait zuzentzea lortu zuten.
Hiru urte geroago, 2001eko abenduaren 15ean, Pisako dorrea berriz ireki zuten. Jamiolkowskik adierazi duenez, ez da mugituko heldu den 300 urteetan, baina bertze aditu batzuen arabera, hainbeste mugimenduk eraikinaren iraupena laburtuko dute.
Denboraren eragina, gelditua
Hemezortzi urtez lanetan ibili eta gero, Pisako dorrearen azkartzea eta haren mugimenduen gelditzea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu