Bilboko gunerik utziena zen Abandoibarrako pasealekua oraindik urte asko ez dela. Erakargarriena da orain. Eguraldi onak hori erakusten du, jende andana baitzebilen atzo itsasadarraren ertzean paseoan, korrika edo bizikletan. «Une honetan, hirian lasaitzeko lekurik onena da niretzat», esan du Jose Mari Fernandez erretiratuak. Ia egunero egiten du Euskaldunatik Guggenheim arteko tartea, eta atzoko eguraldi onarekin ere ez zuen galdu aukera. «Duela gutxi arte Arriagaraino joaten nintzen, baina kaian lanak egiten ari direnez, bi aldiz egiten dut joan-etorria eta nire eguneko kuota betetzen dut», esan du, irribarrez. Barandaren kontra luzatze ariketak egiten ari da Mikel Agirre, eta hark, bueltaka ibili beharrean, nahiago du ibilbidea aldatu. «Nahiz eta ez dagoen lehen bezainbesteko tokia korrika egiten joateko», azaldu du erdi kexaka.
Lanen oztopoak gorabehera, hainbat turista ere badabiltza pasealekuan aurrera eta atzera, beti legez. Guggenheim atzean dutela argazkiak ateratzen, gidaren azalpenak zintzoki entzuten edo ingurura begira. «Inguru hau guztia nola aldatu den azaldu digute. Sekulako itxura dauka!», dio Antonio Sanchez madrildarrak.
Belardiak, ordea, hutsik
Hilabete gutxi igaro dira, gainera, Bilboko itsasertza leheneratzeko azken proiektua inauguratu zela: Ingelesen zelaiko parkea. Belardiaren inguruan eraikin garaikide ugari daude, hala nola Iberdrola dorrea, Euskadi plazako eraikinak, EHUren paraninfoa eta Deustuko Unibertsitateko liburutegi berria. «Inguru honetan horrelako parke baten beharra bazegoen, bestela dena eraikinez beteko ziguten», Agirreren esanetan. Gehiegizkoa ere badela uste du korrika egiten hasteko prestatzen ari den bilbotarrak. «Arkitektoen pasealeku bat da gehiago, bisitariei begira egindako proiektu bat, bertako hiritarrentzat pentsatutako zerbait baino».
Parkearen inguruan gazte ugari ikus daitezke. Azterketen garaia da, eta Deustuko liburutegi kanpoan, ikasle andana dago, apunteak eskuetan, ikasten egon ondorengo hizketaldian murgilduta. Errekuperazio azterketak dauzkate datozen egunetan. «Nik hiru dauzkat», esan du ikasleetako batek urduri samar. Datorren asteazkenean du ikasturte honetako azken proba: «Ondoren, uda guztia libre daukagu». Ikasteko garaia izanagatik, eta eguraldi aparta egonagatik, liburutegi atzealdeko belardia hutsik dago, ordea. Erretiraturen bat bakarrik dago bertako eserlekuetan eserita. «Ez dago belardian esertzeko aukerarik; belarra luzeegi dago. Oihan bat ematen du beste ezer baino gehiago», dio, erdi txantxetan, erdi serio. Horregatik jende gutxi etortzen dela azaldu du, eserlekuak bakarrik baitaude. «Parkea bertan jarrita dauden eserlekuetan esertzeko pentsatuta dago bakarrik, eta ez ikasleak bertan egoteko».
Denak ez dira iritzi berekoak, ordea. Ingelesen zelaiko parkean eserita dago lasai asko Julia Rubio. «Jende gutxi dago gaur, bai, eta harritzekoa da, horrelako eguraldiarekin jende gehiago ibili ohi da-eta hemen». Hala ere, ez dio sobera ardura: «Ni gustura nago inguruaz gozatzen». Belarra luzeegi ote dagoen edo, «gustuen araberakoa da». Denen gustura ezin egin. Bateko edo besteko iritziak izan, Abandoibarrako pasealekuan sumatu egin zen atzo eguraldi ona egiten zuela.
Plaza giro
Denentzako pasealekua
Bilboko pasealeku ezagunena bihurtu da Abandoibarra urte gutxian, eta atzoko eguraldi apartarekin, sumatu zen hori. Jende ugari zebilen hara eta hona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu