Gervasio Sanchez. Argazkilaria eta kazetaria

«Desagertuen senideek duintasun lezio ikaragarriak ematen dituzte»

Kazetaritza ikasketak bukatu zituenetik, mundu zabaleko hamaika gatazka armaturen berri eman du. Donostian izan da egunotan, 'Desagertuak' irudi erakusketa aurkezten.

Adrian Garcia.
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Eskarmentu handiko kazetaria eta argazkilaria da Gervasio Sanchez (Kordoba, Espainia, 1959).Itzal handiko profesionala da, hainbat sari jasotakoa; tartean, Ortega y Gasset saria eta Espainiako Argazkilaritza saria. Hastapenetan, baina, hedabide askotako irudi editoreen gehiegikeriak jasan zituen. Kazetaritzaren balioak krisian daudelakoan dago, baina hezkuntza eta osasuna bezain garrantzitsutzat jotzen du kazetari lana.

Zein da gatazka eremuetan dabilen kazetariak izan beharreko ezaugarria?

Kazetari gazteei beti gauza bera esaten diet: biktimen sufrikarioa gertutik sentitzeko prest ez dagoenak ez du sekula zintzotasunez transmitituko. Kontua ez da argazki onak eta politak ateratzea eta kalitatezko kazetaritza egitea. Gerraren eta haren ondorioen sufrikarioa transmititu eta dokumentatu behar da, eta, horretarako, minduta egon behar da. Sufrimenduarekin harremanetan bizi denak minez beterik bukatzen du. Garrantzitsua da kazetariek min hori barneratzea zintzoki transmititzeko.

Zer eragin du min horrek kazetariaren bizitza pertsonalean?

Kazetariok ezin dugu gure miseriei buruz hitz egin. Gure intimitatearen parte da. Zaila egiten zait sentimenduez hitz egitea. Gure lana egin beharra dugu. Norberaren buruaz hitz egiten duten kazetariez nekatuta nago. Moda bat bezalakoa da. Izen eta abizenik gabeko milaka pertsonaren tragedia izan ordez, badirudi kazetariaren tragedia dela. Nik lau urtez Sarajevoko setioaren berri eman nuen. Gerran sentitzen nuenari buruz idazteko agintzen zidaten behin eta berriz. Ez nuen halakorik egin gerra bukatu arte, lau urteren ondoren. Egia da oso minduta bukatzen duzula horrenbeste sufrimendu ikusita. Zugan zerbait hiltzen delako sentsazioa duzu. Etxera itzultzean askotan jendearekin harremanak izateko arazoak dituzu. Haien problemak kontatzen dizkizute; eta zuk diozu, ongi da, garrantzitsua da zuretzat, baina...

Fotokazetaritzarekin irits al daiteke memoria, egia eta justizia egitera?

Fotokazetaritza eta kazetaritza, oro har, krisian daude. Estatuaren botere faktikoen eraginari men egiten diete komunikabideek. Boterearen zaintzaileak izan beharrean, haien lagunak bilakatu gara, eta kazetaritzaren kalitateari kalte egin dio. Nik kazetaritzan sinesten dut, hezkuntza edo osasun zerbitzua bezain garrantzitsua delako. Kazetaritzarik gabeko gizartea manipulazioa eta porrotera kondenatua dago. Memoria, egia eta justizia hitzek ez dute lekurik Espainiako kazetaritzan.

Nolakoa da biktimen senideekin kazetariak duen tratua?

Egun oso bat egon nintzen desagertutako biktimen senide batekin. Haren historia ezagutzeko modu bakarra da. Hamar minutuko adierazpen baterako deitzen badiozu, normala da harreman ona ez gauzatzea. Konfiantzako harremana mantentzea ezinbestekoa da. Ama batzuk 1986. urtetik ezagutzen ditut, eta seme bat bezala tratatzen naute. Desagertuen senideek duintasun lezio ikaragarriak ematen dituzte. Memoria, egia eta justizia ezartzeko etengabe egiten dute borroka. Gerren eztabaidaezinezko egia diren biktimen alboan egotea da gure betebeharra.

Zein da desagertutakoen egoera Espainian?

Nire herrialdeko politikariez lotsatzen naiz. Koldarrak dira. Gerraren dramarik handiena da desagertuen auzia. Alderdi guztiek jokatu dute lotsagabeki gai horren inguruan. Trantsizio eredugarri bat egin genuela transmititu ziguten gazteoi, eta arazo hori ahanzturan geratu da. Guztiz onartezina da diktadorea hil zela 36 urte igarota desagertuak bilatzeko inongo proiektu seriorik ez egotea. Egin den guztia biktimen senideei esker egin da. Memoria Historikoaren Legeak senideen esku uzten du bilaketaren ardura. Administrazio adituek —auzitegi medikuek, epaileek...— egon beharko lukete bilaketaren buruan. 5.300 gorpu aurkitu dituzte hilerri eta bide bazterretan, baina mila baino gutxiago identifikatu dituzte. Gauzak ez dira behar bezala egin, ez da odol bankurik sortu, AEBetan irailaren 11ren ostean gorpuak identifikatzeko egin zuten bezala. Ikaragarria da noraino irits daitekeen estatu baten jarrera: biktima eta haien senideak etengabe zapaltzen dituzte, eta gerra zibilak sortutako ondorioak ahaztu dituzte.

Zailagoa da, beraz, desagertutakoengatik lan egitea Espainian?

Lotsagarria da desagertuen bilaketa kontuetan beste hirugarren mundua deituriko herrialdeetan baino gutxiago egin izana. Guatemala, Kolonbia eta Bosnian aurrerapen handiagoak egin dituzte alor horretan. Etika falta handia du Espainiako klase politikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.