Sukaldeko perla beltzaren usain eta zaporeez gozatzeko aukera izango du asteburu honetan Añanako kuadrillara gerturatzen denak. Arabako Boilur beltzaren 4. azoka egingo dute igandean Rivabellosa herrian.
Arabako Boilurra kooperatibak, Rivabellosako Udalak eta Administrazio Batzordeak antolatu eta Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta, onddo beltzak lurraldean duen garrantzia eta sukaldeetan duen estimua azpimarratzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute iganderako. Boilurraren ahalmenak ezagutzera emanez, egoera ahulean dauden eskualdeetan produktua landa garapenaren benetako eragile bihurtzea dute helburu.
Horretara prestatutako txakurrek boilur-bilatze erakustaldia eskainiko dute 11:15ean. Horrez gain, onddo-bilatzaile trebeek antzarak nola gidatzen dituzten ikusteko aukera ere izango da herri inguruko lursail batean.
Boilurra bilatzeko lanak ikusgarriak izaten dira, baina behin sukaldean lantzen denean, eskaintzen dituen zaporeen plazera ere horrelakoxea izaten da. Igandean, 12:00etatik aurrera, La Taberna de los mundos jatetxeko Nerea Santamaria etaZaldiaran jatetxeko Patxi Ezeiza sukaldari profesionalen eskuek, sukaldaritzako bitxiaren ezaugarriak platereratuko dituzte, herriko pilotaleku estalian.
Sukaldari dema
Igandeko jaiaren harira, duela astebete Luis MansoBoilurdun Pintxoen IV. lehiaketa jokatu zen, Rivabellosako Gizarte -Zentroan. Bertan epaimahaiak hartutako erabakiaren berri, ordea, igandean jakingo dute parte hartu zuten sukaldariek. 13:45ean banatuko dituzte sariak. Boilurra osagarri gisa erabilita egindako pintxoen lehen sarituak 300 euro jasoko ditu. Bigarren sarituak 150 euro bereganatuko ditu eta hirugarren pintxorik onenaren egileak produktu-sorta bat irabaziko du. Goizean zehar, pintxo desberdinak eskainiko dituzte lehiakideek, Arabako perlaren zaporea ezagutzera emateko asmoz.
Kalitatezko azoka
Igandeko protagonista nagusia boilur beltza izango bada ere, 11:00etatik aurrera, garaiko eta bertako elikagaiak indartu asmoz, Arabako kalitatezko produktu desberdinen aukera zabala izango da kaleko postuetan.
BOILUR AZOKA
Zer. Azoka, sari-banaketak, erakusketak, boilur-dastatzeak...
Non. Rivabellosan (Araba).
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Diamante beltza ahogozo
RivabellosaArabako Boilur beltzaren azokan erakusketak eta dastatzeak izango dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu