Boilurra usaindu duen edonork gogoan izango du haren lurrina. Lurraren hezetasunaren usain sarkorra izan ohi du. Onddo indartsua da, usain fin eta era berean mingotsekoa.
Abendutik otsaila bitartean izaten da boilurra biltzeko garaia. Bilketa garaiarekin batera, azoka berezietan saltzeko garaia ere gainean da. Garai honetan, lanean hastear dira boilur biltzaileak, euren txakurra lagun. Arabako eta Nafarroako parajeetan, lur eremu asko erabiltzen da boilur beltzaren laborantzarako. Lurralde horietako lurra eta klima oso aproposak dira sukaldeetan hain estimatua eta garestia den onddo hori ekoizteko.
Europan 30 espezie baino gehiago ezagutzen badira ere, gutxi batzuek dute interes berezia merkataritzan. Euskal Herriko lurretan, neguko, udako eta udazkeneko boilurrak ekoizten dira, sukaldaritzan hain berezia den boilur beltzarekin batera (tuber melanosporum).
Aleari osorik begiratuta, desitxuratutako fruitu lehor eta antzua dela badirudi ere, sukaldeetako diamante beltzaren zatirik txikienak ere, ikaragarrizko balioa du, duen lurrun bereziagatik; ahoan magia egitera iristen da.
Lurraren usaina eta haren misterioen lurrinak ekarri ohi ditu boilurrak platerera. Bihotza gogorra izaten badu ere, zimurrez beteriko azal meheak biltzen du onddo gustagarria.
Inguru karetsuetan
Ekoizteko garaian, ezaugarri eta klima berezia dagoen tokietan soilik hazi ohi da boilurra. Urtaroen kontrasteek garrantzia izaten dute onddoa sortzeko, prezipitazio maila ere 500 mm baino gehiago behar du. Haritzak, arteak eta hurrak dauden lur karetsuetan topa litezke boilurrak. Zuhaitzak, ordea, sustrai handikoak behar izaten dira, gainontzean ez baitira lurrarekin ahaidetu eta onddo berezi hau ekoizteko gai. Garai batean, basa boilurrakjasotzen ziren, baina, egun, geroz eta gehiago dira pertsonek ekoitzitako boilurrak.
Diamante beltza izendaturiko jaki hori onddoaren mizelioaren eta goi mailako landare baten sustraien arteko elkartze baten emaitza izaten da. 3 eta 7 zentimetro arteko diametroa izaten du, eta gehienez 300 gramoko aleak topatu izan dira. «Normalean, 50 gramo inguruko aleak lortzen dira», Eduardo Samaniego boilur biltzaile arabarraren arabera. Heldutasuna lortzen duenean, lurrin bizia jariatzen du boilurrak, eta, hala, hainbat animalia erakartzen. «Txakurra da boilur biltzailearen lagunik onena, dudarik gabe. Bera gabe, ezinezkoa izango litzateke boilurrak biltzea. Izan ere, lurretik zentimetro gutxira hazten dira, eta pertsonok atzeman ezin dugun usaina darie. Ahuntzekin ere lan egin izan da, eta txerria omen da boilurra biltzeko animaliarik egokiena». Eduardo Samaniegok duela gutxi arte Flex txakurra izan du lagun boilur bilketan. «Aurten, ordea, laguna aldatu behar izan dut, ea zer moduz moldatzen garen». Aurtengo uztari buruz galdetu diogu, eta nahiz eta lurra idor antzean izanekoizpena nahiko ona izango dela uste du, «beste urteetan adinakoa izatea espero dut, behintzat».
Samaniegok duela hamabost urte landatu zituen lehen arte eta hur zuhaitzak Barrongo bere lurretan (Araba). Boilurren ekoizpen geldo eta zaila dela medio, duela bost urtetik ari da uzta jasotzen. «Berrogei urteko bizia izaten du onddo hauen produkzioak, eta hektarea batean 20 kilotik 70 kilora bitarte bildu ohi da», Samaniegok dioenez.
Lurretik atera bezain pronto, orduz ordu, usaina galduz joaten da. Behin sukaldean, uraren azpian eta eskuila batekin lur zati guztiak garbitu behar izaten dira. Edozein errezetatan erabilgarria izan liteke gordinik prestatzen bada, entsaladan, arrautzarekin, pastarekin eta haragiaren lagungarri.
Onddo berezi honek, ordea, askok ordaindu ezin duten balioa hartu du azkenaldian merkatuan. Arabako Gaubeako Turismo Bulegoko Yolanda Sobronen arabera, aurten kilogramoa 500 eurotan salduko da. «Gabon garairako ere, garestitu egiten dira, orduan ateratzen batira alerik onenak».
Boilurrak ekonomikoki, kulturalki eta ekologikoki duen garrantziaz jabetuta, ekoizten den lurraldeetan, Nafarroan eta Araban hain zuzen, produkzioari bultzada bat emate aldera, martxan dira zenbait egitasmo; bisita gidatuak Gaubea aldean eta Nafarroako azoka, esaterako. Boilur ekoizpena indartzearen aldeko apustua egina dute, eta ekoizpen lurrak ugaritu nahian dabiltza.
Gaur egun, ordea, lurraren zaporea dastatu eta lurrinak ahoratzeko, poltsikoaren menpe dago hezetasunez beteriko errezeta.
EZARIAN
Diamante beltzaren usainean
Boilurra naturak eskaintzen dituen altxor preziatuenetako bat da jatetxe garestienetan. Lurpean hazten den onddo mota baliotsu horren ekoizpena gorantz doa Euskal Herriko lurretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu