Aste batzuk igaro dira Fernando Aramburu idazle donostiarrak euskal literaturaren alfonbra altxatu eta hango hautsak harrotu zituenetik. Euskal idazleek 208 irakurle dituzte, 503 gehienez jota. Euskal idazleak ez dira askeak, diruz lagunduta daudelako. Esan bazuen, esan zuen ba! Berehala munduko euskal idazle guztiok goratu zuten —genuen— ahotsa: sakrilegio, sakrilegio! Denak sutan, aizue.
Zinez tamalgarria, nire ustez.
Bai, ene lagunok, suminduarena egin dezakegu, egunkarietara gutun ireki bana bidal dezakegu, baina egiten duguna egiten dugula, gure erantzuna beti izango da tamalgarria.
Izan ere, bikoteak beste batekin txortan harrapatzen zaituenean, ez dago ukatzea baino tamalgarriagorik.
Eta Fernandok harrapatu gaitu! Zer egingo diogu ba! Harrapatu gaitu eta kitto!
Zain egon naiz ea baten bat ausartzen ote zen baina koldarrak garenez —horretan ere Fernandok arrazoi—, denok isilik. Nik, ordea, ez dut arazorik aitortzeko diruz lagunduta nagoela. Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, Pasaiakoa, Bilboko uren partzuergoa, Gormutuen elkarteak, Gehitu, Adegi, Reala, Arantza Quiroga, BBVA… uff, diruz laguntzen didatenen zerrenda hain da luzea…
Eta ni bakarra banintz, tira, baina gaitza orokorra da eta frogak ditut. Galdetu, bestela, Harkaitz Canori ea nondik atera duen Donostiako kaleetatik gidatzen duen auto gorri dotorea…
Euskal Herrian rock&rollak sekula dirurik eman ez badu, twistak are eta gutxiago…
Maratila
Diru-laguntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu