Ehundik gora musika taldek hartuko dute parte Musikaren Europako Eguna dela-eta, Bilboko Udalak gaurko antolatu dituen ekitaldietan. Auditorio zabala izango da Bilbo, egun batez; hamasei eszenatoki jarriko dituzte hirian barrena. Azken urte bietan bezala, musika talde profesionalek zein zaletuek joko dute, 18:30etik gauerdia arte.
Eguerdiko hamabietan Bilboko Udal Bandak eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da ospakizuna. Rafael Sanz Espert zuzendari duela, Domingo, Arriaga, Suñe eta Friedemannen obrak joko ditu, Plaza Berrian.
Musikaren Europako Eguneko hirugarren aldiak berrikuntzak izango ditu Bilbon. Besteak beste, Bilbo hiriko Pil-Pil itsasontzi esanguratsuan ere musika saioak antolatu dituzte gaurko egunerako. Udaletxeko zubitik abiatu, eta Euskalduna zubirainoko tartean joan-etorriak egingo ditu ontziak. Dixiekleta Jazz Band taldearen emanaldiak izango dira bertan, goizez, eta horren ondotik arituko da, arratsaldez, Dixiemulando taldea.
Udaleko Kultura Sailak jakinarazi duenez, musika mota guztiei egingo diete tarte aurtengo edizioan, eta ekitaldien aurrekontua 90.000 eurokoa da. Musika klasikoa, popa, rocka, jazza, folklorea, flamenkoa, tangoa, Bilboko kantuak, boleroak eta musika herrikoia entzuteko parada izango dute, doan, hamasei agertokietara batzen diren bilbotar zein kanpotarrek. Horrezaz gain, hamasei eszenatokietan Bilborekin lotura izandako musikariak omenduko dituzte.
Ekitaldi ugari Iparraldean
Iparraldean ere gogotik ospatuko dute eguna. Zuberoako Ligi herri ttipian, adibidez, Akerbeltz ekoizten duen ostatuak ere eguna ospatuko du. Donapaleun, koruak ariko dira plazan. Hazparnen, nahi duen guztiari irekiko diote plaza, bakoitzak bere dohainen berri emateko gisan. Donibane Garazin merkatu estalian, biharamun goiza arte, egitaraua finkatua dute. Baigorrin country musika erritmoan ariko da Oronos ostatua. Egun osoan zehar alde guztietan, bat-batekotasunez, musikazaleek karrikak edo ostatuak berenganatzea da ohitura, 1982an Frantziako Kultura Ministerioak egun hori sortu zuenetik. Geroztik, Europakoa bilakatua den eguna. Doan ia beti, estilo guztietako musikak, ahal bada kanpoan musika ohortzea da helburua.
Baionan izanen dute musikazaleek hitzordu nagusia. 70 bat talde hiriko 23 gunetan banatuko dituzte. Merkatu plazako ekitaldia ere handia izanen da. Sylvain Luc gitarrista baiones ospetsua Jean Marie Ecay, Mixel Ducau edo Kepa Junkerarekin ariko da. Baiona Ttipiko Plachotte plazan Maddi Oihenart, Mixel eta Maika Etxekopar eta Michel Arrotzek Arbaila azken diskoa aukeztuko dute. Paul-Bert plazan Niko Etxarten aldia izanen da. Guztia urririk.
MUSIKA
Doinu ugari zabalduko du lau haizeetara, gaur, Musikaren Europako Egunak
Bilboko hamasei lekutan egingo dira emanaldiak, eta Baionan ere kontzertu ugari antolatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu