Donostia, sukaldarien paradisua

Frantziako sukaldaritza omenduko dute San Sebastian Gastronomika biltzarrean, igandetik asteazkenera bitartean, DonostianGoi mailako sukaldarien hitzaldiak, dastatzeak eta lehiaketak izango dira

San Sebastian Gastronomikaren aurkezpena; sukaldariak eta antolatzaileak ageri dira, Basque Culinary Center atzean dutela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Munduko sukaldari onenen bilgune izango da datozen egunetan Donostia, San Sebastian Gastronomika gastronomia biltzarra egingo baitute igandetik asteazkenera bitartean hirian. Frantziako sukaldaritza omenduko dute aurten, eta sukaldarien hitzaldiak, dastatzeak eta lehiaketak izango dira lau egunean. Bost lagunentzako sukaldaritza klaseak eta gazta txapelketa dira berrikuntzetako batzuk. Ohi baino lehenago antolatu dute biltzarra: azarotik urrira aurreratu dute.

Frantziako puntako sukaldariak etorriko dira Kursaaleko auditoriumera. Izen handiko izarrak dira guztiak. Sukaldaritza berriaren aitak: Alain Sanderens eta Jacques Maximin; gaur egungo mito handiak: Pierre Gagnaire eta Michel Bras; bistrot sukaldaritzaren ordezkari Iñaki Azpitarte, saga handietako kide Michel Trosigros eta Alpeetako sukaldaritzaren erakusle Jean Sulpice. Indartsu datozen gazteak ere gonbidatu dituzte tartean: Pascal Barbot eta David Toutain, esaterako.

«Orain arte inork egin ez duena lortu dugu. Frantziako sukaldaritza handia ekarri dugu hona», azaldu du Roser Torras-ek, SS Gastronomikaren zuzendariak. Herrialdeak utzitako ondare gastronomikoa ezagutu eta etorkizuneko joeren berri izateko aukera bakarrenetakoa izango dela adierazi du.

Juan Mari Arzak sukaldariaren ustetan, frantziar sukaldaritza da sukaldaritza garaikidearen sorburu. Bera sukaldean hasi zenean goi mailako jatetxe guztiak frantziarrak zirela esan du. Ia mundu osoari erakutsi dio sukaldean herrialdeak.

Karlos Argiñano sukaldariak kontatu du gaztea zenean dirua aurrezten egoten zela PariseraMichelin izarrak zituzten jatetxeetara jatera joateko. «Trenean joaten ginen Hendaiatik, etiketaz jantzita, eta Parisko geltokian egiten genuen lo».

Gastronomia kontzeptu eta adiera gisa, Frantzian sortu zen, Andoni Adurizen arabera. «Denboraz kanpokoak dira herrialdeko hainbat sukaldari, eta haiengandik asko daukagu ikasteko».

Hilario Arbelaitzek, bere aldetik, sukaldaritza tradizionalaren garrantzia gogoratu du. Euskal sukaldaritza goi mailako sukaldaritza ez ezik, elkarte gastronomikoak, sagardotegiak eta pintxoak ere bada. «Aniztasuna da herrialdeko sukaldaritza handia izateko ezaugarria, eta aniztasun hori Frantzian ere bada».

Propio sortutako plater bat

Bakarrik bost lagunentzako z klaseak emango dituzte goi mailako sukaldariek. Horixe da aurtengo berrikuntzetako bat. Bi sukaldariren artean emango dituzten hitzaldiak dira bestea. Batek janaria prestatzen duen bitartean, besteak galderak egingo dizkio, eta alderantziz. Horretaz gain,zortzi sukaldariren artean plater bat sortuko dute biltzarrerako propio, oholtza gainean.

Gainontzean, urtero bezala, euskal nahiz nazioarteko sukaldarien hitzaldi ugari izango diralau egunetan. Baita txapelketak ere. Espainiako sommelier eta parrillero onenak, eta gin-tonica prestatzen trebeenak direnakhautatuko dituzte.

Baina sukaldarientzat ez ezik, mokofinentzat ere paradisua izango da Donostia. Kursaaleko sukaldeetan munduko sukaldari onenek prestatuko jakiak dastatu ahal izango dira auditoriumeko besaulkietan bertan. Guztira 18.000 dastatze baino gehiago eskainiko dituzte.

Urrezko IV. Gueridon nazioarteko saria Eusebio Arbelaitzi emango diote. Zuberoa jatetxean, familiako negozioan anaiarekin batera urteetan egindako ibilbide luzearen ordaina izango da. Zerbitzuaren ardura du han. Bezeroei erakusten dien berotasuna eta hurbiltasuna saritu nahi izan diote.

Merkatuaren gunean, sukaldeko produktuetako berrikuntzak ikusteko eta erosteko parada egongo da. 1.500 eta 1.600 parte hartzaile inguru espero dituzte aurtengo biltzarrean. Iazko zifra gaindituko da, beraz; iaz 1.300 izan ziren. Edonola ere, doako hitzaldiekin hasiko dute biltzarra, igandean. Sarrerarik ez dutenek parte hartu ahal izango dute orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.