DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Urrutiko intxaurrei begira

Festak ikusi, entzun edota sumatu daitezke Haizearen orraziko pasealekutik; han, ordea, festan murgiltzea zaila da, ia ezinezkoa.

xabier martin
Donostia
2010eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Gerturatuz gero, ikusiko da lau ala hamalau ote diren. Haizearen Orrazian paseoan dabilenak, baina, ez ditu intxaurrak kraskatuko. Kanoikadaren eztandaren oihartzunak zortzi egunez dirauela esatea topiko hutsa da. Haizearen Orrazian olatuak entzuten dira batik bat. Txillidak bere obra kokatu zueneko eremuko karel ospetsuak ez du itxura aldatzen egunotan, ez daki ezer festari buruz. Paseoan dabiltzanei ere ez galdetu, badaezpada Aste Nagusiari buruz. Edo bai. Nork daki? Kontua da ez zaiola inori bereizgarririk ikusten. Zapi bat? Koadrilako elastiko bat?

Turistak dira gehienak, hala ere. Eguzkia atera da, eta hori bai dela benetako festa Donostian. Hizkuntzen kale neurketa bat eginez gero, ez luke ez euskarak, ez gaztelaniak irabaziko. Katalana txapeldun. Txillidaren orrazi erraldoi baten azpian eseri da Bartzelonako familia bat, Pasealeku Berriko barrakei begira. «Festak ote dira?».

Zalantzak uxatu dituzte, itsas brisak kaitik halako burrunba ekarri duenean: Piraten Abordatzea hasi da, eta bozgorailua etengabe ari da. Bai, zerbait bada han. Gero eta argiago dute. Izan ere, bat-batean neskatxa bat pasatu da lagun batekin, eta lepoan zapi urdina darama, ez txikia, ikusteko modukoa. Bakarra da, baina bada zerbait. Gainera, Ondarretara begiratzen badute, baltsa xelebre bat ikusiko dute, mastan oihal beltz bat duela. Itsasoratu nahian dabiltza martin lehortar horiek. Ez al dakite abordatzea Kaian dela ala? Galduta, baina festan dira, behintzat.

Belarrien ertzak atera behar

Itsasoan dabiltzan belaontzietatik harago so eginez, barrakak jendez betetzen ari direla ere konturatuko dira; prismatiko batzuekin begiratuta hobe. Hondartzan dagoen boleibol txapelketa herrikoiaren partidak ez dituzte ikusiko, dena den; ezta prismatikoekin ere. Ondarreta eta Kontxa jendez lepo daude. «Festak direla? Ba, oso ongi». Itsasbehera ikusgarriarekin gurasoak eta seme-alabak hor dabiltza salabardoekin karramarro txikiak harrapatzen. Haiek bai festa.

Belarrien ertzak ateraz gero, txistuak eta danbolinak ere entzungo dituzte une batez. Erraldoiak eta buruhandiak atera dira Parte Zaharrean. Entzuten ez dituenak ez dezala pentsa gorreria duenik. Entzun bainoago, igarri egiten baitira.

Hori da hitz gakoa: igarri. Haizearen Orrazitik festak igarri egiten dira, urrutitik ikusi, pixka bat entzun. Eguzkia apaltzean, baina, jendeak karela hartzen du. Su festa ikusteko leku ederra da hura, eta orduan bai, iluntzean festa iristen da Haizearen orrazira. Gauean su koloretsuen danbatekoekin gozatzea da festetan murgiltzetik gertuen dagoena hiriko mutur honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.