Donostiako estropada kultur ondare ukiezin izendatzea eskatuko dute

Proposamena Aralarrek eta PSE-EEk aurkeztu dute Udalean; Unescori eskaera Jaurlaritzak egin diezaiola nahi dute

Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herrian tradizio handiko kirola da arraunketa, eta Donostiako estropada da Kantauri itsasoan jokatzen den proba ikurra. Mende luzeko historia du Kontxako banderak, eta 1879an antolatu zuten estreinakoz. Tradizio eta ibilbide horri aitortza egiteko ekimena abiatu dute Donostiako Aralar Alternatiba eta PSE-EE udal taldeek: Unescok estropada kultur ondasun ukiezin izendatu dezan nahi dute.

Bide horretan lehenengo urratsa egin dute bi alderdiok, eta Udalbatzari erakunde-adierazpena aurkeztuko diotela jakinarazi dute. Odon Elorza alkateak, Denis Itxaso Kultura eta Gazteria zinegotziak eta Jon Lasa Kirol eta Hezkuntza zinegotziak aurkeztu zuten atzo idatzia. Proposamen horretan eskari berezia egiten diote Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari: Unescori eskatu diezaiola Donostiako estropada kultur ondasun ukiezin izenda dezan. Donostiako udalbatzak onartu beharko du orain erakunde-adierazpena.

Kultur ondare ukiezintzat «kultur tradizional eta herrikoia edo folklorikoa osatzen duten moldeak» ditu Unescok, eta Kontxako banderak eta arraunketak izaera horrekin bat egiten duela iritzi diote proposamenaren egileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.