Donostian ez ezik, izango da non ondo pasa San Sebastian egunean. Hedabide gehienak Donostiari so egongo badira ere, Euskal Herriko beste zenbait herritan ere gogor astinduko dituzte danbor eta upelak.
Azpeitiko (Gipuzkoa) kaleak musikaz, jendez eta jai giroz beteko dira San Sebastian egunaren harira.
Helduen danborrada gauerdia baino zertxobait lehenago hasiko da gaur Azpeitiko kaleak girotzen, 22:15ean. Gauerdian talde guztiak bilduko dira Herriko Plazan, eta danborradako martxak joko dituzte. Aurten, 27 taldek parte hartuko dute, iaz baino talde bat gehiagok. Orotara, 1.300 lagun bilduko dira Udal Musika Bandaren doinuen erritmora danborra jotzera. 00:30etik aurrera, txaranga taldeak ibiliko dira kalean.
San Sebastian egunean, berriz, haurren danborradak hartuko ditu kaleak. 600 haurrek parte hartuko dute guztira, hamar taldetan. 12:30ean aterako dira, Aranetik eta Artzubitik.
Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan ere entzungo dira danborren burrunbak. Tafallan, Lakuntzan eta Zangozan ere sansebastianak ospatuko dituzte.
Tafallan San Sebastian dute patroi, eta hiru ikur omentzen dituzte: txapel gorria, argizarizko gurditxo bat eta santuaren harrizko irudia. Dantzariak, dultzaineroak, erraldoi eta buruhandiak aterako dira bihar, 11:30ean.
Lakuntzan alkate dantza eskainiko diete herriko agintariei bihar arratsaldean. Jarraian, gazta eta ardoa emango diete bildutakoei zilarrezko katiluetan.
Zangozan, berriz, gaur botako dute jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria, 20:00etan. Zangozako Gaiteroak, Banda Txikia etaMusika Eskolako Fanfarrea arduratuko dira giroa musikaren bidez alaitzen. Bihar, erraldoi eta buruhandiak Udal Bandarekin eta gaiteroekin batera aterako dira kalejiran, 11:30ean.
Donostiatik harago bada San Sebastian
Donostia ez da izango danbor hotsak eta martxak entzungo diren leku bakarra; Gipuzkoan bertan, Azpeitian ere ospatuko dute San Sebastian eguna, eta Nafarroan, berriz, Lakuntzan, Tafallan eta Zangozan. Gaur hasi eta bihar arte izango da sansebastianak non ospatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu