1972an parte hartu zuen lehen aldiz XIV Orduak ibilaldian. «Municheko olinpiadekin batera antolatu zuten, martxari inportantzia handiagoa emateko». Ordutik ez du hutsik egin Demetrio Bengoak (Alkiza, 1937); lau urtetik behin parte hartu duen ibiltari bakarra da. Aurtengoa 11. zeharkaldia du, eta badu eguna iristeko ilusioa.
Zer du berezitik XIV Orduak ibilaldiak?
1972koa izan nuen lehenengoa, eta lehenengo aldi hartatik hartu nion gustua, ikaragarri ibilbide polita duelako eta giro ederra sortzen delako. Niretzat, mendi guztiak dira politak, natura eta berde kolorea ikaragarri gustatzen zaizkit, baina Aralar kutuna dut eta Aralar ezagutzeko ibilaldirik dotoreenetakoa dira XIV Orduak. Aldapa, zelaia, mendia, errepidea... denetarik dago 68,5 kilometroetan.
Adinean gora eginagatik, sasoian zaude oraindik...
Ez zait iruditzen 60 urtetik gora ditudanik, baina 74 ditut. Esango nuke duela 20 urte baino errazago ibiltzen naizela. Aldapek ikara ematen zidaten lehen, eta orain ez; luze ibili ondoren, gogortuta bukatzen nuen lehen, eta orain ez. Zenbat eta gehiago ibili, gorputza jarri egiten da, eta ni astean bitan behintzat joaten naiz mendira. Igandean Hernio inguratzen duten herrien martxara joango naiz, eta Villabonako Aizkardirena ere egin nuen; XIV Orduak baino gogorragoak dira horiek, desnibelari begiratzen badiogu.
Prestaketa berezirik egin al duzu?
Urte osoan ibiltzen naizenez, urte guztian XIV Orduak egiteko prest nagoela iruditzen zait. Ez diot harrokeriaz. Afizioa beti izan dut mendirako, eta erretiroa hartu nuenetik denbora dut. Ilusioa behar da bizitzan eta mendian, eta sufritzen jakin behar da; elurra, euria, hotza, beroa, nekea... sufritu ere egiten baita mendian, baina gauza onak gehiago ditu. Mendi buelta luze bat eman eta etxera nekatuta iristen naizen bakoitzeko pentsatzen dut: Gaur buelta earra ein dit.
Zertan aldatu dira XIV Orduak ezagutu zenituenetik gaur arte?
Jende kopuruan, batez ere. 1972an, 400 mendizale ginen, eta duela lau urte, hiru milatik gora. Aurten, badirudi 2.500 lagunera ez garela iritsiko... Gainerakoan ez dago alde handirik, baina egia da jendea orain hobeto prestatzen dela. Asko korrika ateratzen dira, eta haiengatik gaizki esaka aritzen gara, baina gu geu ere gaztetan astakeriak egindakoak gara. Kafe konpletoa hartu eta Igaratzara purua ahoan joan izan gara, adibidez. Aldrebeskeria handia da hori, eta orain martxa hamalau ordura ahalik eta gehien hurbilduta bukatzen saiatzen gara.
Jende kopurua aipatu duzu. Ez al da gehiegi mendirako?
Gehiegizko kopurua da, bai. Parte hartzen dugunok asko gara, eta ikustera joaten direnekin elkartuta... atera kontuak. Mendi baterako asko da, gehiegi, baina mendira joateko eskubidea ezin zaio inori ukatu. Denok goaz edo inor ere ez.
Norekin irtengo zara aurten?
Familiako hiru belaunaldi aterako gara, seikotea: bi semeak, alaba eta haren gizona, biloba eta ni neu, aitona. Ilusioa egiten dit gertukoekin ateratzeak, baina badut kezka bilobagatik; sasoia eta trebezia nahi adina ditu, baina sufritzeko gogo gutxi.
Zein da ibilbideko zure gune gustukoena? Eta gogorrena?
Guardetxetik Igaratzara doan tartea aspergarria eta luzea egiten zait. Ibiltzeko pista ederra da, baina niri luzea egiten zait. Eta jende askori aspergarriena eta gogorrena egiten zaion azken zatia, Amezketatik Tolosara bitartekoa, estimu handitan dut nik: bukaera da eta nekatuta egoten gara, baina bukatzeko pozak eta ilusioak erraztu egiten didate Berazubira iristea. Minetako jaitsiera ere gustatzen zait, jende ilara luzea ikustean hunkitu egiten naiz.
Lehen aldiz parte hartu behar duenari zer aholku emango zenioke?
Prestaketa zaindu dezala eta ilusioz ekin diezaiola martxari. Berez, ez da ibilaldi gogor-gogorra; kilometro asko ditu, baina desnibela ez da apartekoa. Ilusioarekin har dezala, zoriontsuagoak garelako gauzak ilusioarekin egiten ditugunean.
Demetrio Bengoa. Mendizalea
«Duela hogei urte baino errazago ibiltzen naiz orain»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu