2010. Toti Martinez de Lezearen uda

«Dutenaz konturatzen direnean, sekulakoa izango da»

Hamar egun eman zituzten Damaskon Martinez de Lezeak eta haren familiak. Damaskokoa du suhia, eta haren familia ezagutzera joan ziren; haiekin batera txoko turistikoenak nahiz ezkutukoenak ezagutzeko parada izan zuten.

Maite Alustiza.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Fikziozko zein errealitatezko munduetan murgiltzen da bere eleberrietanToti Martinez de Lezea (Gasteiz,1949). Fikziozko pertsonaiak nahiz ingurukoak irudikatzen ditu; azken horien artean, Nur bere biloba. Dagoeneko sei dira hari eskainitako aleak; azkenak— Nur eta alfonbra hegalaria— iaz Damaskora egin zuen bidaian du oinarria.

Elkartzeen hiria da Damasko. Askotariko kultura eta jatorritako jendearen topagune, Martinez de Lezearen eta haren familiaren elkargune ere izan zen. Bera eta bere senarra Euskal Herritik; alaba, suhia eta biloba Pekindik; suhiaren familia, berriz, Damaskotik bertatik. Turista gisa joan baziren ere, haien bidaiak ez zuen antolatutako bidaia bateko turistenen antzik izan. Bizitokitik hasita. Alokatutako pisu bat hartu zuten aterpe, suhiaren familiaren bitartez.

Suhia luxuzko gidaria izan zuten hamar egunetan. Haren bidez, familia arteko giroa nahiz Damaskoko alde turistikoa ezagutzeko aukera izan zuten. Meskita musulmanak, jauregiak, kristauen monasterioak… Eraikin miragarriak bisitatu zituzten, baita hiriak biltzen dituen hainbat auzo ere. Juduen auzo judurik gabea, «Golan lurraldeko gatazkaren ondotik joan egin zirelako»; auzo kristaua, berriz, bitxia. «Hemendik ibiltzea bezalakoa zen; eskelak eta guzti zeuden kalean». Zokoa ere bisitatu zuten. «Izugarria da, amaiezina, Kairokoa eta Istanbulekoa baina askoz ere handiagoa». Hiri barruan dagoen beste hiri bat dirudi. Aurrera eta atzera, postuz postu, nekatuta amaitu zuten egonaldia. Normala, «bizia dagoen planetako hiri antzinakoena dela kontuan hartuta». Denetik dute eskaintzeko, denetik ikusteko. Museo batean frogatu zuten hori. Idatzitako lehen oholtxoak, obra persiarrak, erromatarrak… «Kontuan izan behar da Siria Mesopotamia dela, zibilizazioaren sehaska. Potentzial turistiko handia dute, baina oraindik ez dira dutenaz konturatu. Horretaz konturatzen direnean, sekulakoa izango da». Hiriak duen berezko aberastasuna, hala ere, ez dago behar bezala zainduta, zenbait etxe eta auzotako egoera txarra baita. Dena den, dagoeneko horietako batzuk lehengoratzen ari dira.

Damasko ez ezik, beste hainbat herri ere bisitatu zituzten. Palmira erromatarren hiria ezagutu zuten, desertuan egon ziren beduinoekin, baita Santa Teklan ere, «munduko emakumezkoen monasterio antzinakoena dagoen lekuan». Maalula herrian dago monasterioa, eta eraikinak berak baino gehiago, jende artean topatutakoak harritu zuen idazlea. Arameeraz hitz egiten den hiru herrietako bat da. «Hizkuntza gutxituenganako joera dut, eta liluragarria da orain dela 2.000 urte hitz egiten zen hizkuntza bat oraindik bizirik dagoela ikustea». Arameerazko telebista dute, eta eskoletan ere hitz egiten dute.

Guztien askatasuna

Siriako herritarrekin izandako harreman ona dakar gogora. «Jendearen jatortasunak harritu ninduen, oso atseginak eta abegitsuak dira». Gehiegi batzuetan, asebete arte jaten eman baitzieten. «Eurek horrenbeste jaten duten ez dakit, baina apopiloari ematen behintzat oso eskuzabalak dira». Errespetu handikoak ere badira siriarrak. «Ikusi ditut emakumeak zilborra erakusten, eta inork ez die ezer esaten. Ikusi ditut goitik behera estalita doazenak, eta inork ez die ezer esaten. Askatasun handia dago alde horretatik». Kafetegietako patioetan ikusi zuenak arreta eman zion. Jende gaztea, neskak eta mutilak elkarrekin, urezko pipak eta zigarretak erretzen. «Espero ez nuen irudi bat izan zen. Horrenbeste gauza kontatzen dizkigute… Aldez aurreko ideia bat dugu».

Emakumezkoek duten askatasunak ere harritu zuen. Nahi dutena egiten dute, «beloa jartzen badute ez da behartzen dietelako, baizik eta haiek euren burua horretara behartzen dutelako». Palmira hirira eraman zituen autobuseko bidaiak aurretiko ideiak uxatu zituen. Emakume enpresari arabiarren elkarte baten autobusean joan ziren; gidaria praka bakeroz jantzita, estanpatu bereko alkandora eta buruko zapia soinean, erretzen eta dantzan. «Beltzez goitik behera tapatutakoak ere ikusten zenituen kalean. Baina horiek ez dira Siriakoak, irakiarrak izaten dira; Irakeko gerratik ihes egindakoak edo».

Egonaldi atsegina izan zen, eta oroitzapen onekin batera, Pulitzer saria irabazteko argazkia bueltan ekartzea falta zitzaien. Horretarako aukerarik behintzat izan zuten. «Merkatuan geundela hiru emakume ikusi genituen, beltzez osorik jantzita. Saltzaile batekin eztabaidan ari ziren, eskote handiko eta apaingarriz betetako soineko gorri baten inguruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.