Botiketan, belar dendatan, merkataritza eremuetan edo Interneten. Edonon eros daiteke zigarreta elektronikoa, kea beharrean lurrina botatzen duen zigarro elektronikoa. Ohiko zigarroaren itxura du,kargatzeko bateriekin dabil, eta berriz betetzeko kartutxoak ditu zenbait zaporetan: banilla, menda eta tabakoa. Erretzaileak osasunari kalte egin gabe erre dezake; tabakoak ez bezala, ez baitu substantzia kaltegarririk. Asmakizuna ustez tabakoa utzi nahi dutenentzako da.
Abenduan hasi ziren erretzaileak—Hego Euskal Herrian tabakoaren kontrako legea indarrean jarri aurretik—botiketan galdezka erretzeari uzten laguntzeko metodoez. Tabakoarekiko menpekotasuna ahazteko ohiko txikleez eta pilulez gain, zigarreta elektronikoa ere aukeran zutela ikusi zuten, eta, harrezkero, erruz saltzen ari da. Baina asmakizunak benetan balio ahal duen erretzeari uzteko da guztien ahotan dagoen galdera. Zigarro elektronikoak ez du nikotinarik. Orduan, nola ase behar du erretzaileak nikotinarekiko menpekotasuna tabako beharra duenean? Nerea Loziga botikariari galdeturik —Ugarte botikan aritzen da, Mutiloagoitin (Nafarroa)—, zigarretak bakarrik ez du erretzeari uzteko balio. Horretarako beste zerbait behar da. «Lagungarria da txaplaten edo pilulen bidez erretzeari utzi nahi diotenentzat. Balio dezake tabakoaren beharra engainatzeko; hau da, psikologikoki lagungarria izan daiteke ohiko zigarroaren ordez itxura bera duen beste zerbait izatea eskuan». Argi utzi du ez duela menpekotasuna kentzeko deus ere. «Erretzen duenak beste laguntza bat behar du nahitaez erretzeari utzi nahi badio». Botikan salgai dutela urtebete baino gehiago bada ere, azken bi hilabeteetan ari omen da erruz saltzen.
Gutxiago erretzen laguntzeko
Zigarreta elektronikoa erabiltzen ari da Mila Goia beratarra. Erregetan oparitu zioten hari eta haren ahizpetako bati. Gutxiago erretzen laguntzeko balio duela uste du. Beran ere arrakasta izan du: Eguberrietan herriko botikak deus gabe gelditu ziren. Goiak 17 urtetatik erretzen du —orain 47 ditu—. Festara ateratzen denean pakete bat erretzen du, eta, bestela, eguneroko martxan, hamar bat zigarro. Tabakoa uzten maiz saiatu arren, oraindik ez du lortu. «Mila aldiz esan diot neure buruari tabakoa uzteko. Joan den udaberrian medikuarekin pilulak hartuz hasi nintzen tratamenduan, baina pilulek alergia egin zidaten». Zigarreta elektronikoa «itxurak egiteko eta gutxiago erretzen laguntzeko» baliagarria dela dio. «Bata baduzu eskuan, benetakoa ez duzu hainbeste pizten».
Zigarro elektronikoaren eraginkortasuna zalantzan dago. Askok diote garestia ere badela. Zigarro elektronikoak 70 euro balio du. Horri, baina, 10-12 euro gehitu behar zaizkio, aldatzen den kartutxo bakoitzeko. Zigarretak bakarrik eraginik ez duenez, pilulak ere hartu beharko ditu erretzaileak. Pilula kaxa batek ere 70 euro inguru balio du. Prezio horiek garestiak diruditen arren, ez dela hala iritzi dio botikariak. Horretarako, adibide batzuk jarri ditu: egunero zigarro pakete bat erreta, 111 euro gastatuko ditu erretzaileak hilean; eta 5 urtean, 6.700 eurora igoko litzateke. Laguntza bai, baina «ezinbestekoa» borondatea dela dio.
E-zigarretaren arrakasta
Tabakoarekiko menpekotasuna kentzeko eraginkorra ez izan arren, zigarro elektronikoa erruz zabaltzen ari da erretzaileen artean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu