Maratila

'E-zindet' legea

Ane Muñoz.
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hainbeste hitz egin da azken hilabetean Sinde legeari buruz, non, internauta masak tsunamipean itotzeko helburuz, Kongresuan ezeztatua izan ondoren berrikuntza batzuekin itzuli den, eta, gehiengoaren gogoz kontra, aurki legeztatuko den. Jai daukagu, inoiz betetzen bada.

Horren atzean dagoen ministroa, Angeles Gonzalez-Sinde, gidoigile eta zinemagilea besterik ez zenean ezagutu nuen. Emakume benetan zozoa, agerian behintzat xeru bat; harekin partekatu behar izan nuen hainbat egoera: berak zuzendutako La suerte dormida film luzea eta El Salto de Beamon laburra, nik zuzendua, inolako zerikusirik ez bazuten ere, maiz ipintzen zituzten saio berean eta, normalki, bata bestearen atzetik. Hilabete batzuetan han eta hemen topo egin genuen, «hara, orain ere?».

Azkena Bejarren izan zen, Salamancan. Kasualitatez, bion lanak Gaztela eta Leongo Juntaren diru laguntza jasoak ziren, eta hara gonbidatu gintuzten, gure filmen emanaldira. Biak bakarrik eta bata bestearen alboan berriz ere, elkarrekin prentsaurrekoa, aurkezpena, proiekzioa, solasaldia eta bazkari-afaria. Eta ze zozoa zen emakumea. Hala iruditzen zitzaidan niri, behintzat. Ez nion sekula deus interesgarririk entzun; gordeak izango zituen, agian. Enfin, nekatuta nengoela esanez kale egin nuen afalosteko tertulian, eta hantxe utzi nuen Angeles aspergarria, aspertuta, zinegotziarekin, filmategiko arduradunarekin eta emaztearekin. Jakin izan banu…

Urte batzuk pasa dira, eta orain, ene, hainbeste esango nioke, hainbeste galdetu… zera, «Angeles, aingerutxo, erotu al gara, edo zer?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.