Egger Dorrearen neguko aurrena
Patagoniako denboraldia bete-betean egonagatik, atzera begira jarrita, bada konturik. Egger Dorrearen neguko lehenengo igoera osatu zuten, iragan abuztuan, Stephan Siegrist, Dani Arnold eta Thomas Senf eskalatzaileek. Uztailaren 27an Chaltenera iritsi, eta hilaren 31n ekin zioten eskaladari, eguraldi oneko leihoa baliatuta. «Hiru egunean igo genuen, sinestezina», zioen Siegristek. Dona-Giongo eta Titanic bideak uztartu zituzten, eta mila metroko hormatzarra gainditu (6b, A2 eta W15). Udan ez da erraza Egger, eta neguan are eta zailagoa da: «Arrakalak elurrez eta izotzez beteta daudenez, zaildu egiten da horietatik igotzea. Haizea eta hotza ohiko bidelagunak dira Patagonian —zeropetik 25 graduko tenperatura izan zuten—, baina neguan argi ordu kopuru urria da zailtasunean beste aldagaietako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu