Baionako bestak. Zutabea

«Egon lasai, ez naiz DSK»

Jenofa Berhokoirigoin.
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Egon lasai, ez naiz Strauss-Kahn». Ez-erranez beteriko esaldia. Pairatu beharra dugun sexismoaren aurpegia. Horra zer erran zion Jean Grenet Baionako auzapezak kazetari bati, besten lehen gauean, elkarrizketarako aparteko gela batera eramaten zuela. Ez du gisa horretako lehen esaldia. «Goizeko hiruretan gainekoa kenduta eta tangarekin dantza egitean errazago gertatzen dira bortxaketak», erran zuen duela sei urte, Baionako bestetan izaten diren bortxaketa salaketen kasuei buruz galdetuta. Ezaguna bihurtu zen esaldia, nonbait herriko etxeak bestei begira duen politikaren gehiegikeriaren isla izan zelako.

«Baiona ez litzateke Baiona besta horiek gabe», dio Grenet jaunak. Argi da. Eta besta horiek ez lirateke besta horiek herriko etxe hori gabe. Jendea dator zer nahi egitera, zer nahi egiten ahal dela errana izan zaiolako. Mezua ez da hain argia gaur egun, muga gainditua izan delako eta jasangarriaren heina kausitu beharra dutelako berriz. Baina, jendeak ez du ahantzia. Gauza batzuk errazki ahanzten dira; beste batzuk, ez. Memoria selektiboa deitzen zaio horri.

Eguneko animazioak eskaintzen baditu herriko etxeak, gauetakoak arras gutxi dira. Agian, gaueko programazioan indarra eman behar luke. Zernahi egiteko ordez, zerbait egin ahal dezaten jendeek. Gauez direlako ez-beharrak gertatzen, zernahikeriak. La Souche Rock, Lanetik Egina eta La Locomotive elkarteen elkarlanari esker, Gazteszena deitu kontzertu gune bat bada programa ofizialean, aurten bigarren aldiz. Aurrekontu handiagoa balute, gune «bikaina» izan litzatekeela diote elkarteek. Argi da, eskaintza polita da. Baina, anartean, segurtasunean nahiago du herriko etxeak dirua ezarri. Aurten, bi milioi euroko aurrekontutik 1,5 milioi ditu segurtasunari zuzendu. Zernahikeriaren heina apaltzeko. Gauetan ere animazioak eskaini behar direla ohartzen ari omen da herriko etxea. Hobeki, ea 2012an aurrekontua araberan banatzen den...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.