Txikia da zuhaitza, egurrez egindakoa. Hazi eta hazi egiten da, edozein basotako zuhaitzak hazten diren gisa berean. Etxeko egongelan jartzeko dago diseinatua, ordea. Ez du urik behar handitzeko, ez eta sustraiek xurgatutako elikagairik ere. Nahikoa da altzariari bira txiki bat egitea, mahaia norberak nahi eta behar duen altuerara egokitzeko. «Ondo egindako lana da; estetikoki oso erakargarria eta, batez ere, erabilgarria». Horiek ditu ezaugarri Donostia Hiria altzairuen diseinu lehiaketa irabazi duen Zuhaitz mahaia lanak, Javier Jimenez sariketaren antolatzailearen hitzetan. Iruñeko Arotzeria Lantegi Eskolako sei ikaslek diseinatu dute altzaria, eta huraxe aukeratu du epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako 83 lanen artean irabazle.
Hogei urte dira Donostiako Easo politeknikoak lehen aldiz altzari sariketa antolatu zuela, eta aurtengoa 15. aldia izan du; urtero antolatzen hasi ziren arren bi urtean behin egiten baitute 2000. urteaz geroztik. «Urte bikoitietan antolatzen dugu, eta bakoitietan Valentziako nazioarteko azoka ezagunera eramaten ditugu gure lehiaketako altzariak», argitu du Easoko irakasle Javier Jimenezek. Ikasleen sormenari leihoa irekitzea da lehiaketaren helburuetako bat, eta, bide batez, Lanbide Heziketan ari diren ikasleek egindako lanak altzariaren eta egurraren alorreko enpresei eta etxeei ezagutaraztea.
Ikasleen sormenak mugarik ez duela ageriko utzi du aurtengo ekitaldiak. Begiak itxi eta itsasoko olatu artean balego bezala kulunkatzen den ohea, egurrik gabe eta hodiak soilik baliatuta diseinatutako aulkia, tulipan bat irudikatzen duen idazmahaia, New York hiriaren silueta duen apala... «Aurkeztutako lanen kalitateari erreparatuz gero, distira handikoa izan da aurtengo lehiaketa. Urtero harritzen gaitu ikasleen originaltasunak», dio Jimenezek.
Erakusketa, astelehena bitartean
Gaiei erreparatuz gero denetariko altzariak ikus daitezke, baina aurten naturari erreferentzia egiten diotenek hartu dute indarra. «Ikasleen lanek urtero harritzen gaituzte. Hainbat gai lantzen dituzte, eta dena ez dagoela asmatuta erakusten digute. Landareak eta zuhaitzak ez ezik,ekodiseinua aintzat hartzen ari dira azken urteetan. Ideia eta diseinuetako hainbat benetako harribitxiak izaten dira», iritzi dio Jimenezek. Ekodiseinuko altzari onenari saria sortzera eraman zituen hazkunde horrek, eta aurtengoa Murtziako (Espainia) Castillo-Puche eskolako bi ikaslek irabazi dute, Magazine altzariagatik.
Azken hori eta lehiaketara aurkeztutako altzarietako beste hemeretzi daude ikusgai Kutxak Donostiako Bulebarrean duen aretoan. Astelehena bitartean izango da diseinuko altzari horiek ikusteko modua; 11:30etik 13:30era, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez.
Egongelarako landareak
Originaltasuna eta sormena dituzte ezaugarri Donostia Hiria altzarien lehiaketara aurkeztutako lanek; Bulebarreko Kutxaren aretoan jarri dituzte, astelehenera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu