Garazi Lopez. Arrotxapeko Gazte Asanblada

«Egun asko daramagu gaurkoa prestatzen»

Iruñea
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Garazi Lopezek urteak daramatza Arrotxapeko Gazte Asanbladan (EGA). Gaur, Zuzenbide ikasketak egun batez baztertu, eta EGAko beste kide batzuekin batera, txupinazoa botako du, 20:00etan. EGAk hogei urte bete ditu auzoaren alde lanean eta bide beretik jarraitzeko asmoa dute.

Txupinazoa botako duzue gaur, nola zaudete?

Gogoz gaude. Egun asko daramagu gaurkoa prestatzen. Pregoia prestatzen ibili gara, eta txupinazoa tokiz aldatu denez, horreklan handiagoa ekarri digu.Aurreko urteetan jai barrutian bota zen, baina aurten Karbonilla gaztetxean izanen da.Dena tokiz aldatzeak plangintzan lan handia ekarri digu. Hein batean, txupinazoaren unea pasatzeko gogoa ere badugu festan hasteko.

Festarako gogoz zaudete?

Bai. Lan eta lan ibili gara, baina ongi pasatzeko gogo handiarekin gaude.

EGAk hogei urte egin ditu aurten. Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Denetarik izan dugu. Hainbat belaunaldi igaro dira taldetik, eta gorabeherak izan ditu. Batzuetan, indar handiarekin aritu gara, eta, beste batzuetan, motelago. Aurten, 20. urteurrena gogoratuz, lanean jarraitzeko gogoz gaude, eta pizkunde bat balitz bezala hartu dugu. Hogei urte betetzea gauza ona da, hainbeste urte lanean ibiltzea ez da gutxi. Geldirik ez garela egon esan nahi du horrek.

Nola dago EGA?

Karbonilla gaztetxetik kanpo dago orain. Espainiako Polizia sartu zenean, hiru talde bota zituen handik, gu tartean. Dena dela, lanean jarraitzen dugu.

Arrotxapeko Gazte Asanbladan belaunaldi aldaketa izan da. Zein asmo dituzue etorkizunean?

Arrotxapea jende gehien bizi den Iruñeko auzoa da, eta, tartean, gazte asko. Horien erreferente izan nahi dugu. Auzokogazte guztiek, edozein dela euren egoera, jakitea nahi genukegazteak elkartzeko gune bat badela, edozein dutela arazoa, gurera etor daitezkeela irtenbide bila.

Zein dira auzoko gazteen arazo aipagarrienak?

Auzoko gazteen arazo larriena langabezia da, baina ez da ahaztu behar institutuaren arazoa ere. Auzoan ez dago Bigarren Hezkuntzako instituturik eta gazteak, Patxi Larrainzar ikastetxetik ateratzen direnean, Donibane auzoko Biurdana Bigarren Hezkuntzako institutura joaten dira ikastera. Ikastetxe aldaketak auzo aldaketa dakar, eta hori arazo handia da, gazteek ez dutelako aisialdia Arrotxapean igarotzen, ezta antolatzen ere. Hori aldatu nahi dugu, auzo giroa bizkortuz, baina, horretarako, gazteek hemen gelditu beharko lukete.

Txupinazoa bota eta gero, zer eginen duzue?

Suziria bota eta gero, gazteok afaria dugu. Urtero egiten dugun zerbait da. Karbonilla gaztetxean elkartzen gara afaltzera. 200 lagun inguru bilduko gara. Ondoren musika kontzertua dago. Giro polita izaten da. Adin guztietarako ekitaldiak daude, eta jendeak badu gozatzeko aukera. Ea eguraldiak laguntzen digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.