Egun handiaren goizaldeko prestaketa

Arratsaldean egin zuten abordatzerako baltsak muntatzen aritu ziren milaka pirata goizean goizetik, eta, ordenari eusteko eta pilaketak ekiditeko, ordu eta erdiko lau txandatan aritu ziren lanean.

Milaka lagunek egindako 450 bat baltsak abordatu zuten Donostia. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Bulebarra zapaltzerako nabari zen zerbait gertatzen ari zela atzo, Donostian. Gazte pila zebilen batetik bestera, eta kamiseta berdina zeramaten kuadrillak ikusten ziren. Gutxi batzuk, ausartagoak, pirataz jantzita zihoazen. Gehienek zerbait zeramaten gainean: palet industrialak, banbuzko barrak, arraunak... Ia denek bizkar gainean zeramatzaten piezak. Neska talde batek erosketako karroa leporaino betea zuen, eta haiek eroso, bultzadatxo batzuk baino ez zituzten ematen. Porturako bidean zihoazen guztiak. Piratek Donostia abordatzeko ordu batzuk baino ez ziren falta, eta iritsi zen baltsak lantzen hasteko ordua.

Portura hurbildu, eta ohi baino mugimendu gehiago zegoen, askoz gehiago. Eguraldia lagun zutela, batetik arrantzaleak zebiltzan arrain freskoa saltzen. Bestetik, leku berean, ehunka pirata zeuden, haiek jarritako La Flamenka gunean. Dena pankarta eta banderekin apainduta zeukaten. Arratsaldean abordatzea egin zuten, eta baltsak prestatzen ari ziren jada asko.

Denetik ikusten zen kaian, baina gehienbat palet industrialak erabili zituzten, baita uretako gurpil handiak ere. Batzuek nahikoa zuten flotagailuekin. Beste batzuk, lan gehiago hartu, eta lanean zebiltzan zulagailuarekin eta orratza eta haria hartuta, zapiak eta banderak josten. Azken batzuk, baltsak bukatzen ari ziren: baltsak margotzen, banderak lotzen eta mezuak idazten. Denetariko materialak ikus zitezkeen: obrako konoak, arrauntxoak, sareak, zapiak, banderak, bidoiak eta zaborrontziak, besteak beste. Mozorroak eta koloreak ere ez ziren falta, ezta umorea ere. Goiz izan arren, festa giroa nabari zen piraten artean. Atsedenaldi txiki bat hartu, eta garagardoa edaten zebiltzan batzuk, berriro lanari ekin aurretik. Bazen nekea sumatu eta abordatzerako prestatutako hondartzako koltxoneta lo kuluxka bat egiteko erabili zuenik ere.

Postu ugari zeuden. Lanean ari zirenak piratak ziren: kuadrilla berekoak edo auzokideak, eta lanerako txandak egiten zituzten. Postu batean, flotatzeko zorroak saltzen zituzten. Aldamenean, beste postu bat zegoen. Lau neska zeuden zorroak puzten. Gehienek erosi zituzten, baltsen azpian jarri eta ur gainean flotatzeko.

Txoko batean, beste postu bat ere bazegoen: erregistroa. Han ematen zuten izena abordatzean parte hartu nahi zutenek.

Goizean goizetik ari ziren lanean, zortzietatik. Eguerdirako jende ugari pasatu zen handik, eta aurrekoetan baino parte hartzaile gehiago egotea espero zuten, 5.000 lagun inguru. Jende mordo hori antolatzeko eta pilaketarik ez gertatzeko, lan ona egin zuten. Baltsak prestatzeko lau txanda antolatu zituzten, eta, horiek bereizteko, lau koloreko eskumuturrekoak banatu zituzten. Txandak 08:00etan, 09:30ean, 11:00etan eta 12:30ean hasi ziren, eta bakoitzak ordu eta erdi iraun zuen. 14:00etan amaitu zen azkena, eta, orduan, bazkaltzera joan ziren denak, Zuloaga plazara.

17:00etan ekin zioten hiria abordatzeari, eta, ordurako, goiz guztian lanean aritu ostean, dena prest izan zuten piratek La Flamenka gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.