D uela 33 urte idatzia izanagatik, gaur eguneko emakume askoren egunerokotasuna islatzen du oraindik ere Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox eleberriak. Lan horretan idazle eta kazetari donostiarrak euskal nobelagintzako lehen emakume protagonista sortu zuen: amatasunaren, zahartzeko prozesuaren, gorputzaren inguruko konplexuen eta gizon askok bikote harremanetan erakuts ditzaketen gabezien inguruko beldurrak argitara eman zituen.
Atzo, euskal gizarteko hainbat esparrutako 400 lagunek Urretabizkaiaren lana omendu zuten, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen V. irakurketan. Aurreko urteetan legez, partaideetako bakoitzak liburuaren pasarte bat irakurri zuen, guztien laguntzarekin, hamabi orduz euskal literaturari gorazarre eginez. Espero bezala, ekitaldia 08:00etan hasi zen, baina eguneko protagonista nagusia are goizago heldu zen Arriagara. Ordua heltzean, Urretabizkaiak berak irakurri zuen liburuaren lehen pasartea: «Gaur gauean amets arraro bat egin dut».
Haren atzetik, Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendari Arantza Camarerok eta Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak hartu zuten hitza Arriagako lehen solairuko korridoreetan ezarritako oholtzan. Hurrena, Bilbo Zaharreko ikasleen ordua heldu zen. Lehen mailan dagoen Iñaki de la Presak azaldu du eskolan egindako prestakuntza prozesua: «Irakurketaren eta gaiaren eskema prestatu dugu liburua ezagutzeko. Etxean ere hainbat aldiz irakurri dut, zentzua harrapatu nahian, baina zenbait gauza ez ditut ulertu». Atzerritik ere, aldez aurretik grabatutako bideoen bitartez irakurketan parte hartu zuten hainbat euskara ikaslek. Hala, 09:15ean Berlingo ikasleek eman zioten hasiera liburuaren bigarren irakurraldiari. Izan ere, Zergatik panpox eleberri laburra da aurreko urteetan hautatutako testuekin alderatuta, eta zenbait aldiz osorik irakurtzeko astia izan zen atzokoan.
Egun osoan, Bilboko alkate Iñaki Azkunak, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek, Athletic Clubeko jokalari eta entrenatzaile ohi Jose Angel Iribarrek, Etxepare institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta Ramon Saizarbitoria idazleak, besteak beste, pasarte bat irakurri zuten.
«Klasikoaren adierak»
Lehen pasartea irakurri aurreko «urduritasuna» igaro ostean, Urretabizkaiak azaldu zuen zer egin zuen hautatua bere eleberria zela jakinarazi ziotenean: «Klasikoaren adierak bilatu nituen hiztegian. Lehenengoa da, tradizioaren edo ohituraren arabera egina, eta ez zait iruditzen hori horrela denik. Bestea da imitazioa merezi duena. Hori ez dut nik esango, eta, gainera, ez dut uste asko imitatu denik. Hurrengoa da, historian sartu den lan bat». Hirugarren definizio hori «egiazkoagoa» dela uste du Urretabizkaiak. «Duela urte gutxi gure semeak liburu hau eta gai hau izan zituen institutuan». Bestalde, liburua idatzi zuenetik «behin» irakurri duela adierazi du: «Ez dut egindakoa berriro irakurtzen. Zertarako? Ez da nirea honezkero».
Egunerokotasun klasikoa
Arantxa Urretabizkaiaren 'Zergatik panpox' eleberria irakurri dute Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako 'Klasikoen V. irakurketan'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu