ARROSA

'Egunkaria'-ren itxieraren inguruko irratsaioa emango dute gaur

Arrosa zentroaren zerbitzari informatikoaren lehenengo proba izango da gaurkoa

urtzi urkizu
DONOSTIA
2004ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroak Euskal Herria: urtebetez Euskaldunon Egunkaria gabe irratsaioa prestatu du gaurko, eta, zerbitzari informatikoaren bitartez, hainbat irratik emitituko dute egunean zehar. Arrosako Txema Uriartek azaldu duenez, zerbitzariaren proiektuaren lehenengo proba izango da gaurkoa. «Hainbat lan egin behar izan ditugu teknologia aldetik, eta irrati gehienek zerbitzariaren bitartez jasoko dute irratsaioa».

Saioaren edukiari dagokionez, sarreraren ondoren, hiru zati izango ditu 55 minutuko irratsaioak. Lehenengoan, duela urtebeteko une tragikoak jasotzen dira, Joan Mari Larrarteri eginiko elkarrizketarekin: itxialdia, bilerak, kontzentrazioak, torturak eta Egunero. Bigarren zatian, Itxialdiaren ostekoa, Martxelo Otamendiren hitzak jasotzen dira, herritarren erantzuna eta bere interpretazioa, Kontseiluko Xabier Mendigurenen hitzak eta Egunkaria-ko Mikel Arrieta, Lorea Agirre eta Pello Urtzelairenak. Patxo Telleriari eginiko elkarrizketa ere entzun daiteke. Gainera, urtebeteko kronologia egingo dute eta autoaren egoera azalduko dute. Hirugarren zatian, Sebastian Lizasoren bertso bat, Txema Auzmendi Euskal Herriko proiektu komunikatiboaz hizketan, Martxelo Otamendi Berriaren proiektuaz hitz egiten eta geratzen diren presoen egoerari buruzko informazioa jasotzen dira.

Saio gehiago egingo dituzte zerbitzariarekin

Gaurko saioaren ondotik, zerbitzariaren bitartez zabalduko duten hurrengo saioa martxoaren 21ean egingo dute, xenofobia eta arrazakeriaren aurkako eguna dela eta. «Integrazio saio bat izango da», esan du Uriartek. «Zerbitzariaren inaugurazio ofiziala eta bigarren bataioa Euskal Herria Zuzenean jaialdian izango da, uztailaren hasieran». Azkeneko hilabeteetan, azpiegitura lanak egin dituzte irratiak egokitzeko. «Sarea udarako jartzea eta egunero irratsaio bat egitea pentsatzen ari gara. Barneko zerbitzariarekin egingo genuke hori», azaldu du Uriartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.