Eguzki izpien aurka, onena zentzua

Gero eta informazio gehiago dugu eguzkia hartzeak ekar ditzakeen kalteez, baina oraindik gehiegi hartzen da. Begoña Aseginolaza dermatologoak hainbat aholku eman ditu.

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Mahuka luzeekin. Halaxe ibiltzen ziren lehengo baserritarrak soroan lanean. Eta ez alferrik, eguzki izpietatik babesteko baizik. Beharbada, ez zuten izango gaur egun dugun adinako informaziorik, baina eguzkiari dagokionez eduki behar den balio garrantzitsu bat zuten: zentzua.

«Jendea jakinaren gainean dago eguzkiaren arriskuez, baina, hala ere, eguzki gehiegi hartzen da», dio Begoña Aseginolaza dermatologoak.«Zentzua galdu dugu». Dena den, duela urte batzuetatik hona aldaketa ikusi du. Badirudi jendea hasi dela gutxika ez erretzeko neurriak hartzen, eta eguzkitako krema emateko ohitura, esaterako, zabaltzen ari da. Batez ere, haurrak babesteari ematen zaio gero eta garrantzi handiagoa.

Izan ere, zenbat eta umeagotan erre, orduan eta arrisku handiagoa dago heldutakoan azaleko tumoreak izateko. Eta gaurko helduen artean, uste baino ohikoagoa da azalean tumoreak izatea. Aseginolazaren hitzetan, «oso arrunta» da kontsultara arazo hori duen jendea joatea. Lesio kroniko modura ezagutzen direnak ikusten dira gehienbat kontsultan: eguzkia luzaroan hartuta gerora agertzen diren eraginak. Arrazoia? «Eguzkiaren kalteak ez dira desagertzen urte batetik bestera, eta eguzki izpiek aurreko urtekoen gainean eragiten dute». Hori dela eta, orokorrean ondorioak ez dira ikusten gutxienez 30 urte izan arte.

Azalak baditu eguzkitik babesteko mekanismoak. Beltzaran jartzea bera mekanismo horietako bat da. Horretarako, ordea, gutxika hartu behar dugu eguzkia, azalari ohitzeko denbora emanez. Eta, kontraesana badirudi ere, eguzki gutxi izatea da Euskal Herriko arazoa. Aseginolazaren arabera, urte osoan eguzkia duten lekuetan baino arrisku handiagoa dugu guk azaleko arazoak izateko. «Eguzkitan egonaldi gutxiago egiten ditugu, baina luzeagoak». Hala, ez diogu azalari eguzkira ohitzeko denborarik ematen. «Guk, urte osoan eguzkirik izaten ez dugunez, lehen izpia ikusi orduko beltzaranak jarri nahi izaten dugu, eta denbora gehiegi egiten dugu eguzkitan».

Eta, arazo horiek saihesteko, eraginkorrena eguzkitako krema ematea da; eguzki izpiek azala zeharkatzea saihesten da hala. Gero eta jende gehiagok erabiltzen duen arren, krema emateko orduan ere zentzua erabili behar dela dio Aseginolazak. Etxetik atera baino ordu erdi lehenago ematea gomendatzen da, baina zentzu onak esango digu noiz eman behar dugun. «Lo egitera joateko, ez dago babesa eman beharrik».

Udan, ordea, egun osoa kalean pasatzen badugu, komeni da krema sarri ematea. Eta mendira bagoaz ere bai. Izan ere, eguzkiak ez du hondartzan etzanda gaudenean bakarrik eragiten. Aseginolazaren esanetan, jendearengan oso zabalduta dagoen ustea da hori, baina oker daude. «Mendira joandakoan, kamiseta kentzeko joera dute askok. Hori ez da egin behar». Mendian, gainera, eguzki izpiek indartsuago eragiten dute. Altueraren eraginez gertatzen da hori: zenbat eta altuago, orduan eta gertuago dago eguzkia.

Onurak ere baditu

Hala ere, dena ez dira kalteak. Eguzkiak baditu onurak ere. Umeen kasuan, esaterako, beharrezkoa da errakitismoa ez izateko. Eta helduentzat, D bitamina xurgatzeko. Funtzio horietarako behar dugun eguzki kopurua, dena den, «oso txikia» da, Aseginolazaren arabera. Funtsean, nahikoa da egunero kalera ateratzean jasotzen dugun eguzki argiarekin.

Ez dago erretzeko aitzakiarik, hortaz. Neurrian hartu behar dugu eguzkia, zahartzean arazorik nahi ez badugu. Zentzuz jokatu, ahal denean kremarekin babestu, eta, ezin denean, lehengo baserritarren modura: mahuka luzeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.