Eguzkia, bere osotasunean

NASAren 'Stereo' misioaren bi zundek argazkiak atera dizkiote Eguzkiari aldi berean eta bata bestetik 180 graduko tartera. Emaitza: Eguzki osoa irudi bakar batean.

NASA / BESTEAK.
xabier martin
Donostia
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Eguzkiaren ezkutuko aldea agerian. Eguzki osoa irudi bakarrean edo Eguzkia 3D euskarrian. Hainbat modutan esan daiteke NASAk lortu duena. Kontua da estreinakoz Eguzkiaren gainaldea eta haren atmosfera argazkietan ikus daitekeela izarra bere osotasunean behaturik eta goi mailako erresoluzioan. Stereo misioaren bi zunden bidez gauzatu da irudia. Bata bestetik 180 graduko tartera kokatu dira, Eguzkiaren bi aldeetara —une honetan ere hala daude—, eta aldi berean atera dituzte argazkiak.

Eguzkiaren bi aldeak aldi berean ikusteko aukerak Lurra berotzen duen izarra ikertzeko bide berriak zabalduko ditu. Eguzkian gertatzen denaren jarraipena, erupzio eta Eguzki ekaitzena, askoz ere modu zorrotzagoan egin ahal izango dute, eta, hala, aurreikuspenak ere asko hobetuko dira. Izar erraldoiaren erupzioei aurrea hartu, eta sateliteak, hegazkinak eta konpainia elektrikoen azpiegiturak babesteko aukera izango da.

Zundak 2006an bidali zituzten

Stereo misioaren aurretik, beste behatoki batzuek aspalditik ikertzen dute Eguzkia, baina NASAren zundek lortutakoa aurrerapauso handia da, Eguzkiaren ezkutuko aldean zer gertatzen ari den jakitea ahalbidetzen baitu. Eguzki orban berri bat sor daiteke ezkutuko aldean, eta, ostean, errotazioarengatik Lur planeta aldera plasma jarioa eragin. Orban hori sortu dela jakin gabe, ezin dira ondorioak aurreikusi. «Dagoeneko arrisku hori saihestu dugu. Eguzkiaren eremu aktiboek ez digute ezusterik ekarriko», dio Bill Murtaghek; Eguzkiaren jarduera aurreikusteko lanean aditu handienetakoa da Murtagh.

Stereo zunda biak 2006ko urrian espazioratu zituzten. Banatu eta bakoitza bere kokalekura abiatu zen Eguzkiaren alde batera eta bestera. 2007an Eguzkia behatzeari ekin zioten 3D euskarrian. Hiru urte behar izan dira, ordea, NASAk nahi zuena gauzatzeko. Eguzkia osorik erakusten duen argazkia atera ahal izateko behar zituzten kokaleku zehatzetan aste honetan jarri dira zundak, bata bestetik 180 gradura zehazki.

Datozen zortzi urteetan argazkiak ateratzen jarraituko dute. Irudi horiek informazio jario handia osatuko dute Eguzkiak Lur planetan nola eragiten duen ikertzen dihardutenentzat. «Eguzkia den bezalakoa erakusten digu Stereo-k: plasma beroz osatutako esfera bat eremu magnetiko korapilatsuekin», dio Angelos Vourlidasek, Stereo misioko kideak. Zundek daramatzaten kamerak muturreko bero baldintzetan funtzionatzeko prestaturik daude. Erradiazio ultramoreko lau uhin luzeran aritzeko gai dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.