Eguzkia gori-gori ikusteko

Bizkaiko Astronomia Elkarteak eguzki behaketa egingo du Biodibertsitate Zentroan, Busturian

Eguzki behaketa bat, Bilboko Etxebarria parkean. BERRIA.
Erredakzioa
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Euskadiko Biodibertsitate Zentroaren eta Bizkaiko Astronomia Elkartearen artean eguzkia behatzeko saio bat antolatu dute, gaurko. Busturiko Madariaga dorretxearen kanpoaldean egingo dute, eguerdi aldera.

Saioa hitzaldi batekin hasiko da —20-30 minutukoa—. Eguzkiaren inguruko oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte, eta behaketan ikusiko dena ulertzeko informazioa emango dute. Gainera, parte hartzaileek galderak egiteko aukera izango dute, zalantzak uxatzeko.

Behaketa 12:00 inguruan hasiko da. Bizkaiko Astronomia Elkarteak eguzkiaren orbanak ikusteko argi zurizko teleskopioak jarriko ditu lanean. Iragazkiak dituzte gailu horiek: eguzkitik ateratako materia multzoak ikusteko hidrogeno alfa filtroa tartean. Behaketa egiteko, gutxienez lau teleskopio jarriko dituzte.

Eguzkia Lurretik hurbilen dagoen izarra da, eta gure zeruko objekturik argiena. 150.000.000 kilometrora dago, eta zortzi minutu behar ditu han sorturiko argiak geuregana heltzeko. Eguzkia bi garaitan soilik beha daiteke begi bistaz, arriskurik gabe: zerumugatik hurbil dagoenean eta erabateko eguzki eklipseetan. Jardunaldia 14:00 aldera bukatuko da. Doan da, baina parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea: 94-687 04 02 edo [email protected].

EGUZKI BEHAKETA

Noiz. Gaur, 11:30ean.

Non. Busturiko (Bizkaia) Madariaga dorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.