Abiatu garenetik ordu erditxo baten buruan Iribarneko borda xahar eta politera iritsiko gara. Hor topatuko dugun bide sardan eskuinalderat joko dugu, eta 200 bat metroren buru, ezker alderat jotzen duen bide harriztatua hartuko dugu. Horretan, beste 200 metro egin ondoren, eskuinaldean eta erabat iparralderat daukagun soroan gora irtengo gara. Soroa inguratzen duen burdin-hesia igarotzeko, traukerak edo txakosteak deritzen sasi-eskailerak badaude. Soroaren goialdekoa ehizaleku batean atzean ezkutatuta dago. Sorotik landa, Eheta mendiaren ipar-ekialdeko maldatik egingo dugu gora, gailurrarekin (637 m) topo egin arte. Altuera txikikoa izan arren, oso bista zabala eta miresgarria eskaintzen digu tontor xume eta ezezagun honek: Lapurdi eta Landetako itsasertzetik Zuberoa, Biarno eta Bigorrako gailur gorenetara. Bizkar gozagarri honen mendebaldean Garazi daukagu, eta ekialdean, berriz, Oztibarre. Behealdean, hurbilenean ditugun herriak Gamarte eta Lakarra (Garazi) eta Ibarla (Oztibarre) dira.
Laborantzak behar dituen lurrak mendi hegietan bilatzen dituelako seinale, burdin-hesi bat badago Ehetaren ekialdeko malda gainean, eta hari jarrai-tzen hasiko gatzaizkio. Aski laster, iparraldeko maldan behera seko jaitsiko gara, Orgamendiko bizkar luzea eta Gamarteko Basaburua auzuneko hiru baserri bisean-bis ditugula. Mazela oso zut honen behealdean, urritzondo eremu bat eta soro bat igaro ondoren, lurbide bat topatuko dugu. Honetara iritsirik, eskuinalderat joko dugu, Aintzinekoborda baserriaren gainaldean dauden bi borda oso politetara iristeko gisan. Bide harriztatuan, ezker joko dugu, Aintzinekoborda baserrirako bidea eskuin utziko eta, bide txiki batean jarraituz, borda bilakatutako Mendikoborda baserri zaharraren albotik igaroko gara.
Mendikobordatik, 200 metrora eskas topatuko dugun bide sardan, eskuin eta gorantz hartuko dugu. Ezker eta behera sartzen den bideak Gamarte herrira eramango gintuzke. Bide txiki honetan, 300 bat metro gora egin ondoren, ezkerreko aldean, iraztor lurbide bat hartuko dugu eta bazterreraino jarraikiko. Amaieran,baina, ote maldan gora igo beharko dugu, Ehetari bizkar emanda. Berehalaxe helduko gara Orgamendi bizkarraren lehen tontorrera (624 m), eta hamar bat minuturen buru bigarrenera (637 m). Gailur hauek ere ez dira batere ezagunak, eta pena da, zeren eta aurretik agurtu dugun Eheta gainekoa bezain bista dotorea eskaintzen baitigu. Hegitik ipar-ekialderat behera eginda, Kurutxeberriko tontor politera (513 m) ere joan gintezke.
Hori eginda ala ez, Orgamen-diko bi tontorren artean ekial-deko maldan kokatua den bordara jaitsiko gara, Xurrutako bordara. Handik aurrera, oso sinplea izango zaigu buelta egitea, borda honetara daraman bide harriztatuari jarraitzea besterik ez baitugu egingo. Mendikoborda baserri xaharraren goialdea eta Aintzinakoborda etxaldearen gainaldea arteko zatian joan-etorrian ibiliko gara. Gauza bera egingo dugu Iribarneko borda inguruetatik abiapuntu izan dugun Azkonzabaleko lepoa arteko zatian ere. Inguruok merezi dute ezagutuak izatea.
Laborari makila egilea
Ibarlako elizaren inguruan bilduta dagoen etxe multzotik apurtxo bat bazterturik dago Etxebestea baserria. Seinale batzuek jakinaren gainean ezartzen gaituzten bezala, hango etxeko jaun Pierra Harizpuruk euskal makila landuak egiten ditu. Eta zelako makilak! Etxaldearen inguruan landatutako mizpirondoz eginak, oso modu tradizional eta txukunean. Hauek ez dute zer ikustekorik turistentzako saltokietan edo bentetan saltzen diren itxurazko makila kaskar haiekin. Oztibarreko euskara ederraz harrera egingo dizu Pierra Harizpuruk, eta zuk nahi izango duzun mezua ere grabatuko dizu makila eder baten gainean.