Ehun urteak ospatzeko gertu

Uztailean beteko du mende bat Eibarko Armagintza Eskolak. Ospakizunak, hala ere, martxoan hasiko dituzte, kontzertu, erakusketa eta beste hainbat ekitaldirekin.

Ikasleak, Eibarko Armagintza Eskolan, 1922ko irudian. EIBARKO ARMERIA ESKOLA.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hamaika jarduera eta ekitaldi antolatu ditu Eibarko Armagintza Eskolak 100. urteurrenaren aitzakian. Uztailean beteko ditu urteak. Baina urte osorako ekitaldiak prestatu dituzte. Eta jadanik gertu daude ospakizunekin hasteko.

Lehen ekitaldia martxoaren 24an izango dute ehun urte hauetan eskolatik igaro diren lagun guztiek; bai langile eta baita ikasleek ere. Bateratze jendetsu bat dute aurreikusita, ahaztutako harremanak berreskuratu eta bizi izandako hainbat istorio freskatzeko asmoz. «Urtero-urtero egin ohi dugu ikasle eta irakasle izandakoen arteko bateratze bat, baina aurtengoa berezia izatea nahiko genuke. Ahalik eta ikasle eta irakasle ohi gehien etor dadin saiatuko gara, guztion artean eskolaren historia biziberritu eta harremanak berreskuratzeko», azaldu Jose Luis Novoak, Armagintza Eskolako zuzendariak.

Baina ekitaldiak asko izango dira, eta era guztietakoak, gainera. Mendeurreneko irudiarekin osatutako zigilu bat argitaratuko dute, eta lanbide heziketaren inguruko nazioarteko bilkura bat antolatzeko asmoa ere badute, Kursaalean.

Horretaz gain, Armagintza Eskolaren historia jasotzen duen liburu bat eta DVD bat ere kaleratuko dituzte. Gainera, hamar mila dokumentu inguru digitalizatu eta artxibatu dituzte jadanik. «Eskolatik igaro diren ikasle guztien datu base bat sortu nahi dugu, argazki eta guzti. Ez da gauza erraza izango, ordea, zaila da hainbeste jenderekin harremanetan jartzea», adierazi du Novoak.

Futbolzaleek ere izango dute non gozatu mendeurren honetan: Eibarko futbol taldea Birmingham eta Liejako taldeen aurka lehiatuko da. Txirrindularitzako Euskal Herriko Itzuliko Arrateko igoera ere babestuko du eskolak, eta esku pilotako partidak ere antolatu ditu Astelena pilotalekuan. Eibar armagintzaren industrian erreferente izanik, tiro lehiaketa bat ere antolatu dute.

Ekitaldi horiek mendeurrenaren zati bat baino ez dira. Orain bi urte sortutako batzorde bat arduratu da ekitaldiak antolatzeaz, etaaipatuez gain, musika eta jolas jarduerak ere prest dituzte bisitarientzat. Su Ta Gar Eibarko taldeak kontzertua emango du maiatzean, eta Itoitz Suit orkestrak ekainaren amaieran.

Ehun urteko historia

Armagintza Eskola 1921ko uztailean sortu zen, eskualdeko beharrei erantzuteko, eta berritasuna izan zen. Orain, denbora luze horren balorazioa egin eta energia berriztagarrien arloan sakontzeko unea iritsi dela iruditzen zaie; garaiak horixe eskatzen du, berritasuna. «Orain dela ehun urte sortu zen eskola, gizarteak zuen behar bat betetzeko. Gaur egun, behar hori beteta dago, eta behar berriak bilatu behar ditugu», adierazi du Novoak. «Energia berriztagarrien arloa da etorkizuna; hala ere, ez ditugu albo batera utziko orain arte landutako arloak».

Eibar izan zen Euskal Herriko armagintza industriaren erreferente XX. mendearen hasieran. Ez zegoen armak egiten ikasteko eskolarik, ordea. Ofizioaren teknika lanean menperatzen zen, eguneroko jardunean. Lanbide heziketako eskola baten premia gero eta nabariagoa zen.

1910ean, arma ekoizle batzuk Madrilera joan ziren armagintza eskola sortzeko diru laguntza eske. Fermin Calbeton ministroari proiektua gustatu egin zitzaion, eta Europako hainbat herrialdetako ikastetxeak bisitatu ostean, Liejako Armagintza Eskola (Belgika) hartu zuten eredutzat. «Pertsona ilustratu asko izan dira historian zehar gure eskolan bisitan, eta harrituta irten dira bertatik egiten den lana ikusita», baieztatu du Novoak.

Hasieran, soilik armagintzaren inguruko ikasketekin hasi zen, baina, industria horrek 20ko hamarkadan izan zuen krisiak bultzatuta, beste arlo batzuetara ere zabaldu behar izan zuten. Mekanika eta elektrizitatea, elektronika, kalitatea eta automatika arloetara, besteak beste.

Zehazki, ez dakite zenbat ikasle igaro diren eskolatik ehun urte hauetan, baina 12.000tik gora izan direla ziur daude. 16.000 inguru izango direla pentsatzen dute.

Hezkuntza programaz gain, eskolak zabaldu dituen balioei ematen diete garrantzi handiena. «Ikasleak profesional moduan eta pertsona moduan garatzea da helburua; izaera berritzailea bultzatzen da», esan du Novoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.