Bideojokoak

Eibarrek irabazi du FIFA Euskal Ligako lehen finala

Eibar, Ibarrainkua jokalariak gidatutako taldea, izan da FIFA20 Euskal Ligako txapelduna. Euskal Herrian halako txapelketa bat egiten den lehen aldia da.

2020ko apirilaren 12a
15:53
Entzun

Aberri Eguneko egitarauaren baitan, FIFA20 Euskal Ligako finala jokatuko dute gaur, arratsaldeko 16:00etatik hasita. Ehundik gora partaide izan ditu Game Erauntsiak eta Gu ere Baik antolatutako txapelketak, eta Eibar izan da garaile, Ibarrainkua jokalariaren eskutik. 1-2 menderatu du Malkortzek gidatutako Athletic. Finalistek hainbat sari eskuratu dituzte, tartean, BERRIAren urtebeteko harpidetza.

Euskal Herriko futbol talde bakoitzarekin ligan parte hartzeko kanporaketetan ehundik gora jokalarik hartu zuten parte, baina bostek bakarrik eskuratu zuten sailkapena, taldeko ordezkari bat egonik. Ligaxkaren ostean, eta Alavs kanporatuta, finalaurrekoetan eskuratu zuten finalerako gonbidapena Eibarrek eta Athleticek, Osasuna (Beñat) eta Reala (OstoZumaia) garaituta, hurrenez hurren. 

Azken horiek, ordea, izan dute gaur jokatzeko aukera ere. PS4ko jokoak ez du emakumeen euskal taldeekin jokatzeko aukera ematen, baina Emakumeen Munduko Kopako finala errepikatu dute: AEBak - Herbehereak. 5-2 izan da partida horren emaitza. Lehen norgehiagokaren ostean, eta final handiaren atarian, bertso derbia ere entzungai izan dute ikusleek; Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Bartra aritu dira bertsotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.