Urtearen hasieran EITBko arduradun nagusiek azaldu zutenez, 2003. urterako ezarri zituzten helburu nagusiak lortu zituzten: kalitatea, konpromiso publikoa eta emaitzak. Era berean, na-barmentzekoak dira aurkeztu-tako txostenetik zenbait emaitza.
EITB taldearen autofinantzaketa %27koa izan zen joan den urtean. Euskal Irrati eta Telebista publikoak sortutako diru sarrerak %10 handitu direlako lortu da emaitza hori (25 milioi eurotik gora). Kopuru horretatik publizitateak eramaten du zatirik handiena. Hala ere, azpimarratzekoa da taldearen produktuen salmenta sei milioi eurorena izan dela.Bestetik, hainbat programa tokiko telebista kateei saldu dizkiete: Date el bote lehiaketa, Lo que faltaba magazina, Vaya semanita umore saioa eta Euskal Herria: lau haizeetara dokumental saioa.
ETB1 da haurrek gehien ikusten duten katea
Ikusle kopuruari dagokionez, handitu egin da: ETBko bi kateen artean, %24,2ko ikusle kuota lortu dute. Daturik onenak, zalantzarik gabe, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoen artean lortu dituzte. Izan ere, ETB1 ikusten dute gehien haurrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%22,9ko ikusle kuota). Bigarren lekuan Antena3 gel-ditu da (%18,3), eta hirugarrenean Tele5 (%18,1). Aipatutako adin horretatik gora, ordea, aldaketa erabatekoa da. Hala, helduen artean ETB1en ikusle kopurua ez da iristen %6ra.
Albistegiei dagokienez, ETB2ko Teleberri da jaun eta jabe, %23,6rekin. Hilabeteak dira ETB2ko albistegia gainerako kateetakoak baino gehiago ikusten dela.EITBren webgunearen datuei dagokienez, bestalde, urtebetean bikoiztu egin da bisita kopurua. 2003. urtean 700.000 erabiltzaile eta guztira 1.857.000 bisita izan ziren www.eitb.com webgunean. 2004. urteari begira, DIGIBat egoitzen planak Bilboko emisio zentro berriko lanen hasiera ekarriko du, bertan EITBren egoitza guztiak batu ahal izateko. Miramon handitu egingo dute, eta Gasteiz, Iruñea eta Baiona egokituko dituzte albiste zein programen produkzioan eta emisioan sortzen diren berrikuntzak bereganatuz joateko. 2004. urteari begira jarritako beste helburu nagusia programa kontratuak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen jarraitzea izango da.
EITB . EITBk bere aurrekontuen %27 autofinantzatu zuen 2003. urtean
Publizitatetik eta produktuen salmentatik 25 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu